Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Basalan enpresa publikoko langile bat zendu da arratsaldean Erandion, asiako liztorren habi bat kentzen ari zela. Beirazko makil batekin ari zen fumigatze lanetan, habian pozoia sartu eta erlea suntsitzeko. Lehen hipotesien arabera, makilak goi tentsioko kable bat jo du, istripuz, eta elektrokutatuta hil da gizona; 33 urte zituen.
ELA eta LAB sindikatuek diputazioa egin dute ezbeharraren erantzule. Larritzat jo dute jazotakoa, eta bilkura batera deitu dituzte biharko aldundiko sindikatuak, istripuari nola erantzun adosteko. Ikerketa sakona exijitu diete Osalani eta Lan Ikuskaritzari, ardurak ebatzi eta arrazoiak lehenbailehen argitu ditzaten.
Urteko 40. lan istripu hilgarria
LABen iritziz, gaurkoaren gisako lan istripuak ez dira halabeharrezkoak: "Lan baldintza eta eredu produktiboaren ondorio dira, langileen osasunaren gainetik irabazi asmoak nagusitzen baitira". Bat dator ELA: "Lan istripu hori are larriagoa da enpresa publiko batean suertatu delako". LABek gaineratu du azpikontratatutako zerbitzu publiko bat izatea "ezinbesteko aldagaia" dela lan esparruan segurtasunik eza hedatzeko.
Basalango langileek ere "geroz eta lan baldintza prekarioagoak" jasaten dituztela diote. "Prekarietate hori, gainera, administrazio publikoek ezarritako murrizketen ondorio zuzena da", zehaztu du ELAk. Aurten Bizkaian hildako 23. langilea dela gogorarazi du LABek, eta Euskal Herrian lanean hildako 40.a. Atzo hil zen azken aurrekoa, Lesakako Zalain enpresan, altuera batetik amilduta.
Basoak, ogibide
Bizkaiko Foru Aldundiari ere ikerketan esku har dezala eskatu dio LABek, eta halakorik berriro gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzeko. Ezbeharra salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute bi sindikatuek. "Ezinbestekoa da langile klasearen interesak eta eskubideak lehenetsiko dituen marko propioa eraikitzea, botere publiko eta elite politikoek urteetan elikatu eta gizendutako patronalari aurre egingo diona".
Basoetako zerbitzuak kudeatu, zaindu eta egokitzeaz arduratzen da Basalan konpainia. Besteak beste, parke naturalen eta jolas-guneen mantentze lanak egiten ditu. Sute, izozte, elurte eta uholdeetan ere aritzen da, larrialdi egoerak kudeatzen.