Langile bat hil da Erandion teilatutik erorita

Hildakoak 49 urte zituen, eta Cubilsa enpresarentzat aritzen zen; aurten lan istripuz hildako lehena da

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Erandioko (Bizkaia) Pinturas Juno enpresako teilatua konpontzen ari zela istripua izan zuen langile batek herenegun. Mugitu egin zen xafla zeharrargietako bat, eta eraikin barrura jausi zen behargina, bost eta zortzi metro bitarteko altueratik. Han bertan hil zen J. J. P. F. gizonezkoa. Ezbeharra Pinturas Janon gertatu arren, Bilboko Cubilsa enpresarentzat lan egiten zuen. 49 urte zituen.

Sindikatuek emandako datuen arabera, astearte arratsaldean izan zen lan istripua, 16:30 inguruan. ELAk azaldu du enpresak hartutako segurtasun neurriak ez zirela izan istripua saihesteko bezain eraginkorrak, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu dio Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari, baita ezbeharraren arduradunak zein izan diren argitzeko ere. Beste behin ere hildakoa azpikontratatutako enpresa batentzat ari zela lanean gogorarazi du sindikatuak. «Askotan esan dugun bezala, azpikontratazioak prekarietatea eta segurtasun falta eragiten duela ikusi da».

LABek nabarmendu du hildakoa eraikuntza sektorekoa zela. «Orain bi urte Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk Lotu izeneko kanpaina asmatu zuten.Orduan esan genuen publizitate kanpaina hutsa zela eta ez zuela inongo eragin positiborik izango», azaldu du sindikatuak. Haren arabera, herenegun Erandion izandako ezbeharrak eta iaz eraikuntza sektorean gertatutako gainerakoek argi erakutsi dute arrazoia zuela. Langileei lan istripuekiko eta lan gaixotasunekiko «zero tolerantzia» izatea galdegin die sindikatuak. «Eredu ekonomiko eta politikoaren aldaketa sustatu behar dugu, osasunerako eskubidea errealitate bat izan dadin, eta ez utopia».

Hain zuzen, langileek elkarretaratzea egin zuten atzo 13:00etan enpresaren egoitza aurrean. Lan istripua salatu, eta elkartasuna adierazi zieten hildakoaren senide eta lagunei. Aurten lan istripuz hildako lehen pertsona izan da J. J. P. F. LABek egindako kontaketaren arabera, joan den urtean 64 zendu ziren lanean ari zirela, horietatik zazpi altueratik erorita. 2010ean 84 hil ziren, eta 2009an 85.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.