Langile bat hil da, segurtasun arauak betetzen ez zituen obra batean

Donostiako La Salle ikastetxean izan zen istripua, herenegun; Jaurlaritzak gerarazi egin ditu lanak

ELAk eta LABek elkarretaratzeak iragarri dituzte lan istripuak salatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Asteartean izandako lan istripuan hartutako kolpeen ondorioz, D.A. 50 urteko langilea hil zen atzo Donostiako ospitalean. San Luis La Salle ikastetxeko fatxada konpontzen ari zela gertatu zen ezbeharra: behargina bost metrotik behera erori zen. Istripuaren nondik norakoak oraindik zehazteko baldin badaude ere, lehen zantzuen arabera, behargina beirazko zuntz panelez osatutako eremu baten gainetik igaro zen 25 kiloko porlan zaku bat garraiatzen ari zen bitartean. Panel horiek ez zuten pisu hori jasaterik izan, eta bost metro beherago zegoen patio batera erori zen langilea, kolpe handia hartuz. Erietxera berehala eraman zuten, baina atzo eguerdi aldera hil zen.

Eusko Jaurlaritzako lan ikuskaritzak istripuaren inguruko atariko informean adierazi zuenez, «obra horiek ez zuten gutxieneko segurtasun neurririk betetzen». Horretaz gain, lanen hasierako komunikaziorik ez zen egin, eta segurtasun planik ere ez zegoen gauzatuta. Hori guztia dela eta, lan ikuskaritzak ikastetxeko lanak geldiarazi egin ditu, eta arau-hauste agiri bat zabaltzeko aukera aztertzen ari dira.

Beharginak egun bakarra zeraman ikastetxeko obretan lanean, eta bere lankide bakarra ere istripuan zauritu zen. Hildako langileak langabezia saria jasotzen zuen. Hori dela eta, kontratazioa ezegokia izan zela uste du lan ikuskaritzak. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak adierazi duenez, «ezkutuko ekonomiaren aurka» borroka egiteko neurri guztiak hartuko ditu.

Hiru hildako, sei egunetan

Langile horren heriotza iraganostiraletik hona Hego Euskal Herrian jazo den hirugarrena da. Zumarragako (Gipuzkoa) Arcelor Mittal enpresan behargin bat hil zen ostiralean bertan, eta biharamunean, Iruritan (Nafarroa), nekazari batek bizia galdu zuen lanean ari zela. ELAk eta LABek «amorruz» salatu dituzte azken egunotan gertatutako lan istripuak, eta azpimarratu hiru langile horiek «egoera prekarioan» ari zirela lanean hil zirenean.

Zumarragako istripuan, Mantenimientos y Montajes del Norte XXI enpresak azpikontratatutako langilea zela adierazi dute sindikatuek, eta, atzo zendutako beharginari buruz, segurtasun neurri egokirik gabe ari zela lanean. Iruritako nekazariaren inguruan ez dute xehetasunik eman. Erakundeen «pasibotasuna» salatu dute sindikatuek, eta langileen osasuna zaintzeko eskaera egin diete.

Azken egun hauetan izandako istripuak eta heriotzak salatzeko, elkarteratzeak egingo dituzte ELAk eta LABek datozen egunotan, «langileekiko solidaritatea» erakusteko eta istripu horien arduradunei «salaketa» egiteko.

PSE-EEren eskaera

Lan istripuen harira, PSE-EEk proposamen bat egin zuen joan den astelehenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Heriotza eragiten duen lan istripu bat gertatzen den aldiro foru parlamentuak adierazpen bat onartzea eskatu zuten sozialistek. Batzar nagusiek lan istripuen aurkako jarrera «garbia» izatea garrantzitsua da, euren ustez, eta era horretako gertaera gehiago gerta ez daitezen lan egingo dutela jakinarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.