Langile bat hil da Tolosan, AHTko lanetan bosgarrena

Jaurlaritzak eta aldundiek osatutako herri lanetako segurtasun batzordeak istripua ikertuko du

Kamioiaren barruan zihoan langilea. ASIER IMAZ / TOLOSALDEKO HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenbidea egiteko lanek bosgarren hila eragin zuten atzo, Tolosako Aldaba Txiki auzoan. Argitu ez dituzten arrazoiengatik kamioi bat bidetik irten zen eta gidaria hil egin zen. Ezbeharra salatu dute sindikatuek eta ikerketa egingo du Herri Lanen Segurtasunerako Batzordeak. LABen arabera, urte hasieratik 41 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela.

«Ez dut ulertzen zer gertatu den. Goiko pista ondo dago; zementuarekin, zabala eta lehorra. Kamioia hutsik zihoan gainera, eta edozein malda igotzeko indarra badu», azaldu zion biktimaren lankideetako batek Tolosaldeko Hitza-ri. Haren arabera, ibilgailua irauli gabe erori zen maldan behera. «Ondoren, beheko errepidean irauli, itzulia eman eta hor ikusten den bezala gelditu da, lau gurpilen gainean. Ez dakit nola gertatu den; edo galgarik gabe gelditu edo bihotzekoak eman dio... ez dakit». Hildakoak bost hilabete zeramatzan AHTko lanetan, Juve enpresarentzat ari zen, 47 urte zituen eta Portugalgoa zen.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak doluminak eman dizkie biktimaren gertukoei, eta azaldu du Herri Lanetako Segurtasun Batzordeak gertaera ikertuko duela. Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek sortu zuten iazko uztailean, herri lan handietan segurtasun baldintzak bete egiten direla egiaztatzeko. Mendiaren arabera, batzordeak bitan izan da Aldaba Txikin.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek laneko segurtasun araudia errespetarazteko eskatu diete enpresaburuei, eta «ahalegin berezia» egiteko langileei.

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek heriotza salatu eta hildakoaren familiari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea antolatu dute bihar eguerdirako Tolosako udaletxearen aurrean. ELAk eta LABek agiri bana kaleratu dute adierazteko AHTko obretan oso lanaldi luzeak izan ohi dituztela langileek, 12 ordutik gorakoak kasu batzuetan. ELAk, gainera, ziurtatu du sindikatuei ez dietela uzten segurtasun baldintzak ikuskatzen. CCOOk ere salatu du enpresek eta erakundeek ez dutela «interes handirik» erakusten lan osasun kontuetan.

Bost hildako hiru urtean

AHT eraikitzeko obretan gutxienez bost lagun hil dira azken hiru urtetan eta beste zenbait zauritu dira. AHT Gelditu! Elkarlanak, gainera, salatu du istripu asko «isilarazten» dituztela.

Azkenaurreko ezbehar hilgarria aurtengo martxoaren hasieran gertatu zen, Antzuolan (Gipuzkoa). Kamioi bat gidatzen ari zen langilea bihotzekoak jota hil zen.

Iaz bi langile hil ziren. Batetik, abenduaren 9an behargin bat hil zen eta hiru zauritu ziren Eskoriatzan, leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda egin ondoren. Lehergailua zaharkituta zegoen.

Urte berean, abuztuaren 11n,49 urteko A.D.S.M. langile portugesa hil zen Duran (Araba). Osalanek orduan ateratako txostenaren arabera, elektrokutatuta hil zen, garabi batek nahi gabe sare elektrikoa jo ondoren.

Araban ere, Luku herri ondoko lanetan, 51 urteko langile errumaniar bat hil zen 2008ko uztailean, egitura metalikoaren zati batek azpian harrapatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.