SOS Deiakek jaso duen abisuaren arabera, langile bat hil da Zaldibarren (Bizkaia), arratsaldeko lau t'erdietan. Baso bide bat eraikitzeko lanetan ari zenean izan du istripua, lehen informazioen arabera, makina batek kolpea jota. Biktima 51 urteko gizonezkoa da, eta sortzez Portugalgoa zen.
Azken asteak oso txarrak izan dira lan osasunaren aldetik. Irailean gutxienez bost lagunek galdu dute bizia lanean ari zirela. Hilaren 12an gizonezko bat hil zen Beasaingo lantegi batean (Gipuzkoa) makina batek harrapatuta, eta 13an beste bat Karrantzan (Bizkaia), elektrokutatuta. Hilaren 19an, berriz, Antzuolan (Gipuzkoa) Beasain-Durango errepidea egiteko lanetan ari zen kamioilari bat hil zen maldan behera erorita. Gipuzkoako Aldundiak haren enplegatzaile Construcciones Aballa behin-behinean lanetatik baztertzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, irregulartasun zantzuak aurkitu dituelako. Astelehen honetan, berriz, buruan jasotako kolpe batek beste behargin bat hil zuen Tebasen (Nafarroa).
Auzitegi Nagusiaren epaia
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aginduta, Donostia Ospitaleak 93.000 euroko kalteordaina eman beharko dio iaz hildako elektrizista baten baten familiari. Asviamie amiantoen biktimen elkarteak jakinarazi duenez, Auzitegiak frogatutzat jo du erietxeak ez zuela neurri egokirik hartu amiantoarekin kontaktuan zeuden langileak babesteko.