Abartzuzan (Nafarroa) etxalde batean lanean ari zela, hiru metrotik erori eta buruarekin jo zuen lurra langile batek atzo. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, goizeko seiak inguruan gertatu zen ezbeharra. Irantzuko monasteriotik gertu dago etxaldea. Foruzainak eta anbulantzia bat bertaratu ziren, eta Iruñeko Ospitale Gunera eraman zuten behargina, konortea galduta. Langilea, M.F. 30 urteko gizonezkoa, oso larri dago.
Denbora gutxian Nafarroan gertatutako bigarren lan istripua izan zen atzokoa. Larunbatean izan zen aurrekoa,Otsarte izeneko pagadian, Basaburua ibarreko Ihaben herrian. 64 urteko J.M.C.I. Antsoaingo langilea hil zen han. Autonomoa zen eta egun salmentan aritzen zen. Lehen ikerketen arabera, pago batek azpian harrapatuta zendu zen.
Gauean etxera itzultzen ez zela ikusita, senideek larrialdi zerbitzuetara jo zuten. Foruzainek patruila bat bidali zuten Ihaben ingurura. Langilearen autoa aurkitu zuten aurrena, atzo goizaldeko hirurak inguruan. Suhiltzaileak,Guardia Zibila, mediku bat eta erizain bat bertaratu ziren gero. Herritar talde batek ere hartu zuen parte bilaketa lanetan.04:30 aldera aurkitu zuten gorpua.Hilda zegoela baieztatu zuen medikuak, eta eguna argitutakoan altxatzea adostu zuten. Nafarroako auzitegi medikuntzako erakundera eraman zuten, autopsia egiteko.
Aurreko astean ere beste pertsona bat hil zen lan istripuz, 56 urteko langile bat. Eskoriatzan gertatu zen ezbeharra, Fagor Ederlanenpresan. Pieza batek buruan jo zuen.
ELAk eta LABek egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik zazpi pertsona hil dira lanean ari zirela. Gehiengo sindikalak istripuen aurka elkarrekin aritzea adostu zuela jakinarazi zuen joan den astean.
Langile bat oso larri zauritu da Abartzuzan, hiru metrotik erorita
Herenegun, hilda aurkitu zuten 64 urteko langile bat Ihabenen; ustez, pago batek azpian harrapatu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu