Gasteizko Udalak sustatzen dituen obra publikoetako lan baldintzei buruz salaketa gogorra egin du ELA sindikatuak. Azken urteotan herrilan publikoen egoerak okerrera egin duela nabarmendu du, ohar baten bidez, eta krisiaren aurretik ere bazegoen arazo bat hedatu dela ohartarazi du: "Ez da gutxieneko legezkotasuna ezartzen, eta ez dira itun kolektiboen baldintzak indarrean jartzen".
Salburuako gizarte-etxea eraikitzeko lanak kritikatu ditu, bereziki, sindikatuak. Lanak bisitatu dituzte azken hilabeteotan, eta egoera "beldurgarria" dela egiaztatu dute. "Azpikontrata bateko dozena bat langile esplotatuak daude, hala lan nola bizi baldintzetan".
Langile horien baldintzei buruz azalpenak eman dituzte. Egunero 11 orduko lanaldiak eta lan erritmo "neurriz kanpokoak" dituzte. Soldatari dagokionez, Arabako eraikuntzako sektorea ez daude inolaz ere betetzen ari. "Hiru hilabeteko lanaren truke 1.000 euroko ordainak jaso dituzte", dio sindikatuaren oharrak.
Lanean ez ezik, kalean ere egora latza dute behargin horiek. Azpikontratako langileak Espainiatik datoz, eta guztiak etxebizitza bakar batean dituzte, "imaginatu ere ezin diren baldintzetan". Kaleratuak badira, berehala etxetik bidaltzen dituzte. "Kalean geratzen dira nora jo izan gabe, eta enpresari aurre egin baino lehen asko pentsatzera behartzen ditu horrek".
Enplegu sortzailea
Salburuako gizarte-etxearen eraikuntza enplegua sortzeko erabakigarria izango zela ziurtatu zuen Gasteizko Udalak, lanak hasi baino lehen. Haatik, kontrakoa gertatzen ari dela kritikatu du ELAk. Lehiaketa publikoan 12,5 milioi euro eskaini ziren eraikuntzaren truke. Hortik aurrera "enkante makabroa" hasi zen, sindikatuaren aburuz. VIAS eta Construcciones Opakua enpresak, aldi baterako elkar hartuta, lehiaketa irabazi zuten, %30eko beherapena eskainita (8,9 milioi euro). Hortik aurrera, langileen esplotazioa hasi zen. "Azpikontratatuak, beldurtuta eta lan egiteko bahr handiarekin, esklabutza baldintzak onartu behar dituzte", dio hitzez hitz oharrak.
Sindikatuak egoera lan ikuskaritzan salatu duela azaldu du, baina ez dute erantzunik jaso. Halaber, Gasteizko Udala eta enpresak Lan Harremanen Kontseiluan agerraldia egitea exijituko du. Beste obra polemiko batean, Udaletxe berriarena, udala inhibitu zen, lanak ez zituela zuzenean esleitu argudiatuta. "Oraingoan ez dute aitzakiarik", ELAren ustez. Horrekin batera, langileak dauden egoeragatik erantzuleak zigor-zuzenbidearen bidetik epaitzen saiatuko dira.