Langile publikoei ezarritako murrizketaren ondorioz, 15 milioi galduko ditu Arabak

Ekaina arte %12 igo da EAEko ogasunek bildu duten dirua; hazkundea motelagoa izango da urteko bigarren erdian

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bateko eta besteko administrazio publikoek funtzionarioen soldatak murrizteko hartu dituzten neurriak opari desatsegina izan dira langileentzat, baina baita ogasunentzat ere. Soldata txikiagoen ondorioz, PFEZaren atxikipena ere txikiagoa izango da, eta gobernuek espero zuten aurrezkia mugatuko du. Arabako ogasunak bost milioi euro gutxiago bilduko ditu aurten, eta beste hamar gutxiago heldu den urtean.

Neurriaren eragina bereziki kaltegarria da Arabarentzat, Eusko Jaurlaritzako eta Osakidetzako administrazio orokorrak bertan daudelako. Funtzionario gehiago izatearen pisua PFEZ bilketan lagungarria izan zaio orain arte herrialdeari, baina soldata murrizketen ondorioak jasan beharko ditu orain. Hamabost milioi euroko galera neurtzeko sektore publiko osoan egin diren mozketak aintzat hartu ditu Arabako Foru Aldundiak. Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute antzeko aurreikuspenik egin, oraingoz.

Datua Jose Luis Cimiano Ogasun ahaldunak eskaini zuen atzo, herrialdeko ekonomiak eta zerga bilketak urteko lehen seihilekoan izan duten garapena aztertzeko agerraldian.

Ekaina arte Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako ogasunen artean 4.500 milioi inguru bildu dituzte zerga bidez, aurreko urteko epe berean baino 500 milioi gehiago. Hazkunde esanguratsua izan da - %12,5 -, baina urteko bigarren seihilekoan igoera horiek motelduko direla espero dute.

Kontu horietan jasotzen dira Rover kasuko epaiak ogasunen eskuetan utzitako aparteko dirua, 300 milioi euro aurten. Araban, hain zuzen ere, %20 igo da diru bilketa, eta Roverri dagokion partea alde batera utzita ere, hazkundea %12 baino gehiagokoa izan da. Bizkaian %13 egin du gora diru bilketak urteko lehen erdian. Gipuzkoan, aldiz, motelagoa izan da igoera, %6,8.

Urte osoan bildu beharreko diruaren %40 inguru ogasunen kutxetan dago ekainerako. Uztaila ere hilabete erabakigarria da bilketaren noranzkoa neurtzeko, aurreko urteko Sozietate Zerga likidatzeko garaia baita. Aurreikuspena iaz baino diru gutxiago eskuratzea da, enpresen etekinak txikiagoak izan zirelako.

BEZaren igoerak, kalte

BEZaren igoerak erosketa batzuk aurreratu zituela nabarmendu zuen Cimianok. Horren erakusle da Araban %42 igo zela auto berrien salmenta. Urteko bigarren txanpan BEZaren hazkundea eskasagoa izango da.

Arabako ekonomiaren egoerari dagokionez, okerrena pasatu dela baina susperraldia motela izango dela nabarmendu zuen Ogasun ahaldunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.