Bosgarren urtez jarraian soldata igoerarik ez dute izango Hego Euskal Herriko langile publikoek. 2011ko urtarrilaren 1ean zuten soldata berarekin daude, eta hura ere 2010eko urtarrilaren 1ekoa baino txikiagoa da, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako orduko presidentearen aginduz, hilabeteko sariak batez beste %5 jaitsi egin zizkietelako administrazio publiko guztietako beharginei.
Oraingoan ere Madrilen hartu dute erabakia, eta Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak jakinarazi die sindikatuei. Bere menpeko langile publiko ez ezik (Gizarte Segurantzako langileak eta poliziak dira horietako gehienak Hego Euskal Herrian), beste administrazioetakoei ere inposatuko die. Guztira 180.000 langile publiko daude Hegoaldean, INEren biztanleria aktiboaren azken inkestaren arabera.
Hasieran euskal erakundeetako batzuk saiatu ziren soldatak igotzeko debekuari aurre egiten, baina azkenean men egin behar izan zuten. Halaber onartu behar izan zuten 2012ko Gabonetako saria ezabatzea, baina trikimailu baten bidez aparteko sariak jasotzen jarraitzen dute langile publiko gehienek: abendukoa uztailean eskuratzen dute, eta abenduan hurrengo urteko uztailekoa. 2015a hauteskunde urtea denez, Montorok sari galdu horren %25 berreskuratuko dutela agindu die langile publikoei.
ELAren kritikak
Montororekin bildu direnen artean izan da ELA, eta haserre atera da: "Bilera elkarrizketa sozialaren estrategia porrotaren adibide berri bat izan da, Espainiako Gobernuak negoziaketa itxura eman nahi baitio aldebakarreko lanpostu publikoaren suntsiketa, eskubide sozial eta lan eskubideen murrizketa besterik ez denari".
Haren arabera, enplegu publikoa txikitzen jarraituko du Espainiako Gobernuak, hutsik geratzen diren lanpostu publiko gehienak betetzeko debekuak indarrean jarraituko baitu. Hezkuntza eta osasun alorrak izango dira salbuespenak, horietan erretiro, heriotza edo gaixo-baimenen %20 ordezkatuko baitira. Bere datuen arabera, 2011tik milioi erdi lanpostu publiko suntsitu dira.
Soldaten izoztearen ondotik langile publikoen erosteko ahalmena 2010etik hona %22tik gora jaitsi dela ziurtatu du ELAk. Azken urtean, baina, ez da halakorik izan. Izatekotan, soldata izoztearekin erosteko ahalmen pixka bat berreskuratu dute, inflazioa negatiboa izan baita azken urtean: -%0,4 Hego Euskal Herrian, eta -%0,5 Espainian.
ELAk salatu egin du "Urkulluren eta Barcinaren gobernu kideen pasibotasuna" Madrilek ezarritako murrizketen aurrean, eta eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, foru-aldundiei eta tokiko erakundeei defenda dezatela nork bere erabakitzeko esparrua. "Beste behin, gure botere publikoek erabaki egin behar dute politika sozialen transmisio-uhal huts izan nahi duten ala, kontrara, gizartearen aldeko apustua egingo duten".
Azkenik, langileei dei egin die mobilizazioetan jarraitzeko, "hori baita geratzen den bide bakarra, ebasten ari zaizkigun baldintza laboral eta sozial guztiak berreskuratzeko".