Lemoako Cementosek eta Azpeitiko Corrugadosek eskarmentu handia dute grebei eta langileen borrokari buruz. Lemoako Cementosen 140 eguneko greba egin dute, apirilera arte, enpresak kaleratutako hamazazpi langile berriro onartu arte; Azpeitiko Corrugadosen ia zazpi hilabetekoa egin dute, urtarrilera arte, eta epaitegiek arrazoi eman diete, lau aldiz. Bi enpresetako ordezkariek diote grebak eraginkorra direla murrizketei aurre egiteko.
BERRIAk Jabi Amorrortu Lemoako Cementoseko langile batzordeko ordezkaria (LAB) eta Imanol Arrojeria Azpeitiko Corrugadoseko langile batzordekoa (ELA) elkartu zituen herenegun, mahai inguru batean, haien enpresetako gatazkez eta grebari buruz hitz egiteko.
Lemoako Cementosen kasuan, enpresaren lehengo jabeak, Cementos Portland Valderrivasek, 400 langile kaleratu nahi zituen, enplegua erregulatzeko dosier baten bitartez. Horietako 34 ziren Lemoako Cementosen. Langile batzuek erretiro aurreratua hartu zuten, eta, azkenean, 17 langile geratu ziren kalean. Abenduan langileek greba mugagabea hasi zuten, eta otsailean Irlandako CHRk erosi zuen enpresa.
"Langileek hasieratik erabaki genuen greba mugagabea egingo genuela, kaleratu guztiak onartu arte eta langileentzako lan baldintza duinak onartu arte", Amorrorturen esanetan. Prozesua "gogorra" izan da, baina pozik daude helburuak lortu dituztelako. Amore ere eman dute: dosier bat hitzartu dute urtebete barrurako.
Azpeitiko Corrugadosen enpresaren jabeak, Alfonso Gallardo taldeak, Azpeitiko lantegiko ia 300 langileak eta Lasaoko Corrugadoseko 68 langileetatik 38 kaleratu nahi ditu. Gaur egun BBVArenak dira enpresaren akzioen %40. Langileek eta enpresak ez dute akordioa lortu. "Baina borrokak merezi du, lau sententzia baitauzkagu enpresaren kontra", zehaztu zuen Arrojeriak. Epaitegiek, besteak beste, atzera bota dituzte 60 kaleratze. Gainera, grebarik gabe enpresak nahi duena egingo lukeela uste du Arrojeriak. "Eta gure kasuan", jarraitu zuen, "aintzat hartu behar da gure borroka erreferentzia dela eskualdeko beste enpresentzat". Azpeitiko Corrugadosen auzibidea, baina, ez da amaitu, Alfonso Gallardok Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman baitu auzia.
Bai Amorrortu, bai Arrojeria, bat datoz: greba batek arrakasta izatekotan, funtsezkoa da langileen batasuna. "Jendeak bat egiten badu", zioen Amorrortuk, "ez dago indarrik hori atzera botako duenik". Horren haritik, Arrojeriak gehitu zuen greba orokor bat ezin dela "erdibidean utzi". Sindikatuetako ordezkariek "lan psikologikoa" egin behar izaten dute, Arrojeriaren esanetan, batasunari eusteko.
Gaurko ez zuten zalantzarik. Greba beharrezkoa da. Amorrortuk azaldu du zergatik: "Langileak ez badu borroka egiten, ez du ezer lortzen. Zer borroka galtzen da? Egiten ez dena".