Langileek akordioa berretsiz gero, Gasteizen egingo dute VS20 furgoia

Mercedesek 170 milioi euroko inbertsioa egitea eta 400 postu sortzea agindu die CCOO, UGT, USO eta Ekintzari

Gasteizko lantokirik handiena da Mercedesena, 3.200 langilek egiten baitute lan han. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gasteizko Mercedes Benzeko langile batzordea 27 ordezkari sindikalek osatzen dute. Haietako hamalauk, erdiek eta bat gehiagok, lan hitzarmen berriaren gaineko akordiorako oinarriak finkatu dituzte zuzendaritzarekin. Batzordeko gainerako ordezkariei nahiz langileei aurkeztu beharko diete orain, printzipioz, asteartean. Haiek ere onartuz gero VS20 furgoia Gasteizen egingo dela ziurtatu dute. Sindikatuen arabera, 2024. urtera arteko lana bermatuko luke horrek.

Hain zuzen, CCOO, UGT, USO eta Ekintzak sinatu dute akordioa. Bost urteko iraupena izango du hitzarmenak, aurten hasi eta 2015era arte. Lehen lau urteetan %2,5 igoko da soldata, eta 214 egunekoa izango da lan egutegia—egun, %2,9koa da inflazioa—. Datorren urtean 400 langile inguru hartzeko konpromisoa ere erakutsi du enpresak, eta ekoizpen bolumena 100.000 ibilgailutan egonkor mantenduz gero 300 langileri kontratu finkoa egingo diela agindu du.

«Gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, akordioa ona da. Egonkortasuna ematen dio lantokiari, inbertsioak eta enplegua sortzen ditu, eta onargarria den erosmen ahalmena mantentzen du», adierazi du CCOOk.

Negoziazio mahairik ez

Gatazkatsuak ari dira izaten lan hitzarmen berriaren negoziazioak. Heldu den urtean furgoi berri bat eraikitzen hasiko da Mercedes. Gasteizek lehentasuna du ibilgailu berria egiteko, baina lan itun berriaren edukiarekin lotu du erabakia Alemaniako multinazionalak. Lantegiaren etorkizuna bermatzeko murrizketak egin beharko direla ohartarazi die konpainiak sindikatuei, besteak beste, lan kostuak %10 jaitsi beharko direla.

Halakorik ez zutela onartuko esan zuten sindikatuek, hasieran, guztiek. Uztailean hautsi ziren zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko hartu-emanak. Mercedesek, orduan, sindikatuekin banan-banan negoziatzea erabaki zuen. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta USOk onartu egin zuten; ELAk, LABek, ESK-k eta CGTk, ordea, ez. Hala, atzoko bileran ere ez zuten parte hartu. ELAko Igor Gebarak azaldu du komunikabideen bidez izan dutela akordioaren berri. «Baztertuta» sentitu direla dio, eta enpresari negoziazio mahaira deitzeko agindu dio, han hitzartu behar direlako lan itunak. LABek ere lortutako akordioa deusezteko eskatu du, ez delako negoziazio mahaian hitzartu. Asteartean ezezko botoa emango duela gaineratu du.

3.200 langile aritzen dira Gasteizko lantokian, eta hura da hiriko enpresarik handiena. Vito eta Viano ibilgailuak egiten dituzte gaur egun. VS20 ibilgailua egiten 2014an hastea da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.