Langileen iritziz, erabakia ez da berria, Gallardo Taldeak aurretik zuen Azpeitiko lantegia ixteko asmoa. Horren erakusle da nominak eta iazko zorrak ordaindu gabe izatea eta hornitzaileei zerbitzurik ez emateko agindu izana. Alabaina, lantegiko zuzendaritzak hartutako erabaki batek bultzatu du erabakia bizkortzera. Hain zuzen, zuzendaritzako hamalau lagunek demanda jarri diote Gallardo taldeari, euren kontratuak desegiteko eta lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina kobratzeko eskatuz, 42 hilabeteko mugarekin. Langileen arabera, milioi erdi euro inguruko ordaina esan nahi du horrek. "Azpeitian ez dutela konfiantzazko zuzendaritzarik esan digute, eta Getafeko lantegia lehenesten dutela".
Enpresak negoziazioak luzatu nahi izan dituela gaineratu dute langileek. "Lantegian zegoen txatarra guztia urtu eta korrugado barrak atera nahi zituen. Aurrekoetan bezala, orain ere fede txarrez jokatu dute". Lantegia bideragarri dela diote. "Gallardok 300.000 tona bermatzen ditu, eta Gipuzkoako Diputazioak egindako kudeaketei esker beste 150.000 tona ekoizteko aukera sortu da. 450.000 tona lan karga da ixteko erabakia atzera botatzeko".
Langile batzordeak erakundeetako ordezkariekin bildu nahi du datozen egunetan, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa ere badu, nahiz eta oraindik ez zehaztu zer egingo duten. 300 lagunek lan egiten dute Corrugadosen, eta zeharka beste ehuni baino gehiagori ematen die lana.
Esteban Campos enpresa batzordeko ordezkariak esan du atzo esan zietela enpresa itxi egingo dutela baina ez dakitela erabakia behin betikoa den. "Uste dut Azpeitiko zuzendaritzak azalpen bat eman beharko liekeela langileei; ezkutatuta daude", esan du. Itxierarako negoziazioetan akordiorik badago baldintzak apur bat hobetu daitezkeela esan du Camposek. Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du.
Herriaren kezka
Corrugadosek langileei egindako iragarpena kezkaz hartu dute Azpeitiko dendariek. ”Herria lehendik oso triste dago, eta salmentak ere asko jaitsi dira”, dio Bertan merkataritza elkarteko teknikariak.
Azpeitiko Udalak azaldu duenez, Corrugadoseko langileengandik jasotako albistea, “kolpe gogorra da Azpeitiarentzat”. Udalak, bertako langileei “bereziki” eta itxieraren ondorioak jasango dituzten herrikide guztiei “elkartasuna eta babesa” adierazi die.
Gallardo Taldeko buruei “arduraz” jokatzeko eskatu die udal gobernuak, ixteko “erabaki okerra” berehala zuzendu eta lanpostuen aldeko apostua egiteko exigitu dio Gallardo Taldeari. “Galera ez baita ekonomikoa bakarrik izango. Galera soziala ere izango da: itxierak, jendearen bizimoduan, herritarren animoan eta herri osoaren ongizatean eragingo baitu”.
Jaurlaritza, azalpen eske
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez "harridura" agertu du lantegi ixteko erabakiaren aurrean. Azalpenak eskatuko dizkio Gallardori, aurretik ez dielako "ezer" jakinarazi erakundeei.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "bidegabetzat" jo du Azpeitiko planta ixteko erabakia. Gaur adierazi duenez, badaude baldintzak enpresak irekita jarraitzeko. Aldundiaren aldetik, sei hilabeterako lan karga bermatuko zien proiektu bat esku artean zutela jakinarazi du.
Ainhoa Etxaide: "Industria ez da hiltzen ari: erakundeek hiltzen dute"
Erakundeak egin ditu Etxaidek industriaren egoeraren erantzule. Haren hitzetan, ez dago sektore hori bultzatzeko behar den politikarik. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du ez dela egia industria hiltzen ari denik, eta, hala, baztertu egin du orain dela gutxi Miguel Anjel Lujua Confebaskeko presidenteak esan zuena. "Erakundeek hiltzen dute", gaineratu du.
Azpeitiko Corrugadosen gertatu dena jarri du horren adibide. "Enpresa horrek bazuen etorkizun erreala eta bideragarria". Eskualde osoaren motorra dela aintzat hartuta, erakundeek esku hartu behar zutela azpimarratu du inbersio publikoarekin. LAB horren aldekoa dela esan du.
Kritikatu du gainera aste honetan Nuria Lopez de Gereñu Confebaskekoak esan izana EAEko aurrekontuetan gastu soziala gehiegizkoa dela. Patronalari eskatu dio esan dezala gastu sozial hori nondik murriztuko luketen beraiek.