Langileek ez dute onartuko Cegasaren dosierra, eta auzia Jaurlaritzak ebatziko du

Enpresak azken eskaintzan iragarri baino 23 langile gutxiago kaleratuko dituela esan du

Miren Garate.
2009ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Egunetik egunera hazten ari langabe kopurua Euskal Herrian. Azken egunotan ere hainbat enpresek iragarri dute kaleratzeak egingo dituztela. Behin betiko dosierrak aurkeztu dituzte batzuek. Beste batzuek, berriz, aldi baterako kaleratuko dituzte langileak.

1. Cegasa

Cegasak iragarri baino langile gutxiago kaleratzea erabaki du. Aurkeztu nahi duen enplegu erregulaziora dosierrari buruzko xehetasunak eman zizkion zuzendaritzak atzo langile batzordeari, baita bidaliko dituenen izenak ere. Gasteizko lantokian dituen 356 langileetatik 217 kaleratu nahi ditu, aurrez iragarri baino 23 gutxiago. 217 lagun horietatik 95ek aurretiazko erretiroa hartu ahal izango dute, eta gainerako 122ek lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko ordaina jasoko dute. Legeak 20 egunean finkatzen du gutxieneko kopurua. Enpresak 24 ordu eman dizkio langile batzordeari dosierra onartu edo beste proposamen bat aurkezteko. Hark dagoeneko iragarri du ez duela onartuko enpresaren proposamena, eta Lan sailaren esku utziko duela auzia.

1. Sidenor

Siderurgia arloan aritzen den Sidenor enpresak ez die kontraturik berrituko aldi baterako dituen 175 langileri. Hala iragarri zion zuzendaritzak langile batzordeari herenegun. Altzairuaren eskaera murrizten ari dela eta, hainbat neurri hartzen ari da Sidenor. Besteak beste, Euskal Herrian eta Espainian dituen 3.114 langileetatik 2.200i eragingo dien enplegu erregulaziorako dosierra aurkeztu nahi du. Datorren astelehenean bilduko dira berriro sindikatuak eta zuzendaritza. Orduan amaituko da negoziazioetarako epea.

1. TRW

Krisia gainditzeko ikerketa eta garapena bultzatu behar dela errepikatzen dute behin eta berriro agintariek. Baina TRW multinazionalak Orkoienen (Nafarroa) duen I+G+b zentroa ixtea erabaki du. «Antolakuntza arrazoiengatik» hartu duela erabakia esan du. Izan ere, Alemaniara eramango du Orkoienen egiten zen lana. Itxieraren ondorioz, 30 lagun geratukodira langabezian, horietatik 25 ingeniariak dira. Enpresa ixterik «inondik inora» ez zutela espero esan dute langileek, «ondo» zihoalako. Datorren astean bilduko dira zuzendaritzarekin egoera konpontzeko asmoz.

1. Burgos Pamplona

Ehungintza ere ez da libratzen krisitik. Cascanteko (Nafarroa) Burgos Pamplona enpresak ateak ixtea erabaki du, enpresaren egoera txarrak bultzatuta. 62 langileek onartu egin dute kontratuen etetea, eta legeak dioen gutxieneko kalte-ordaina jasoko dute, hau da, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko saria.

1. TESA

Oraingoz behin betiko kaleratzerik ez du egingo TESAk, baina bai aldi baterakoak. Eskoriatzako lantokian aritzen diren 183 langilek ez dute lanera joan beharrik izango hurrengo sei hilabeteetan. Enpresak adierazi du haien soldataren %100 bermatuko duela.

1. Mercedes

Mercedesen, berriz, ekoizpena geldirik egongo da ia otsail osoan. Zortzi egunean bakarrik egingo dute lan, eskaerarik ez dutelako. Martxoan ere egoera antzekoa izango dela iragarri du enpresak. Enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu nahi du enpresak eta, horretarako, sindikatuekin negoziatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.