U-27ko greba orokorra

Langileek grebarekin erantzun diote Madrilen hitzartutako erreformari

Grebak erantzun zabala izan du Gipuzkoan, Bizkaiko eskualde askotan eta Nafarroa iparraldean, industrian batez ereCCOOren eta UGTren kontra egin dute gehiengo sindikalaren jarraitzaileek

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
ELAk, LABek, EILASek, EHNEk eta Hiruk herritarren erantzun zabala jaso zuten atzoko greba orokorrean Hego Euskal Herrian, iazko ekainaren 29koaren parekoa: handia Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean, txikiagoa Bizkaian eta Iruñerrian, eta apalagoa Araban, hiriburuetan eta Erriberan. Nabarmena, batez ere, industrian eta merkataritzan.

Gehiengo sindikalak urte eta erdian antolatu duen hirugarren greba eguna izan zen atzokoa. Pentsioen erreformaren kontrakoa. Iazkoa lan erreformaren kontrakoa izan zen, eta orduan jada iragarri zuten pentsioen erreforma eta negoziazio kolektiboarena ere iritsiko zirela.

Greba egunaren aurretik gehiengo sindikaleko ordezkariek gogor salatu dute CCOOren eta UGTren jarrera, pentsioen erreforma negoziatzen ari direlako Espainiako Gobernuarekin eta CEOE Espainiako patronalarekin. Atzo goizaldean pentsioen erreformari buruzko akordiorako oinarria lortu zutela jakin ostean, atzoko mobilizazioetan agerian geratu zen CCOOren eta UGTren kontrako haserrea, bai gehiengo sindikaleko arduradunen mezuetan, bai langileen oihuetan.

Europan inork egiten ez duena egitea, hau da, erreformak babestea leporatu die Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. «Langileen traidore» izatea Ainhoa Etxaide LABekoak.

Grebaren oihartzunaren datuak puztea leporatu ohi zaie sindikatuei. Atzo sindikatuek beraiek emandako datuen arabera, ordea, iazkoak baino eragin pixka bat txikiagoa izan du Arabako eta Bizkaiko industrian, eta handixeagoa Gipuzkoan: ia erabateko greba egin dute —langileen %70ek baino gehiagok— Gipuzkoako industriako lau enpresatik hiruk, Bizkaiko bi enpresatik batek eta Arabako ia enpresen erdiek. Hiru langiletik batek baino gehiagok greba egin duten enpresak aintzat hartuz gero, grebaren eragina nabaritu dute industriako lau enpresatik hiruk.

Aintzat hartu behar da iazko ekainaren 29an CCOOk ere egin zuela greba, gehiengo sindikalak deitutakoarekin bat egin ez zuen arren.

Jaurlaritza eta patronala

Jaurlaritzak eta patronalek pareko datuak eman dituzte industriako jarraipenari buruz, %8-13koa Araban, %15ekoa Bizkaian eta %30ekoa Gipuzkoan. Confebaskentzat, Gipuzkoako industrian bakarrik izan du eragina, eta urrun joan da greba gutxiesteko ahaleginean: «Grebak ez du jarduera ekonomikoa gerarazi, ezta greba egin duten enpresetan ere».

Ñabardura ugari daude sindikatuen eta patronalaren muturreko balorazioen artean, sindikatuen «arrakastaren» eta patronalaren «porrotaren» artean, eskualdearen eta sektorearen arabera. Grebaren jarraipena oso handia izan da: Gipuzkoan: Debagoienan, Goierrin, Oiartzualdean eta Urola Kostan; Bizkaian: Busturialdean, Durangaldean eta Lea Artibain; eta Nafarroan: Baztanen, Bortzirietan, Leitza aldean, Sakanan eta Ultzaman.

Gipuzkoan adierazgarria izan da Mondragon taldeko kooperatiba gehienek eta taldetik kanpoko kooperatiba askok bat egin dutela grebarekin.

Hiriburuetan egindako mobilizazioak oso jendetsuak izan dira, iazko ekainaren 29koak baino jendetsuagoak, sindikatuen esanetan.

Eusko Jaurlaritzak, ohi bezala, esan du ez dela greba egiteko une egokia, «krisitik ateratzeko indarrak batzeko unea» baizik, Sonia Perez Lan sailburuordearen bitartez. Jaurlaritzak gauza bera esan zuen 2009ko maiatzaren 21eko eta iazko ekainaren 29ko greben aurretik ere.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Administrazio Orokorrean greba egin dute bost langiletik batek; EITBn hiru langiletik batek; eta Eusko Trenbideetan langileen %30-40ek. Bidaiarien garraioan gutxieneko zerbitzuak bete dituzte.

Osakidetzan, ordea, hamar langiletik batek ere ez du greba egin, Jaurlaritzaren esanetan. Grebaren antolatzaileek Jaurlaritzari leporatu diote ezarri dituen gutxieneko zerbitzuekin lan egitera behartu dituela langileen %80, osasun etxeetan batez ere.

Muturreko datuak hezkuntzan

Datuen arteko aldea izugarria da hezkuntzan; errealitate bateraezinak islatzen dituzte. Sindikatuen arabera, sektore publikoko langileen %65ek, ikastoletako guztiek eta itunpeko sareko %80k egin dute greba; Jaurlaritzaren esanetan, ordea, sektore publikoko %22k eta itunpeko %12k.

Sindikatuek gehitu dute haur eskoletan eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean grebaren jarraipena zabala izan dela: %80koa haur eskoletan, %80koa EHUren Donostiako campusean, %70ekoa Leioakoan eta %60koa Gasteizkoan.

Nafarroan, gobernuak esan du hamar langile publikotik batek egin duela greba.

Grebak merkataritzan eraginik ez duela izan adierazi du Jaurlaritzak. Zenbait eskualdetan, ordea, denda eta taberna asko itxita egon ziren egun guztian, ez bakarrik piketeak pasatzean: Urola Kostan, Lea Artibain eta Oiartzualdean, esaterako. Saltoki handi asko ere itxita egon ziren egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.