Epea agortzear dagoela lortu du Naval ontziolak bi urterako oxigeno maskara, oraingoz bizirik irautea ahalbidetuko dion kontratuari eustea. Kontratua duela zazpi hilabete sinatu zuen, baina denbora hori guztia eta herenegun hamaika orduko bilera bat behar izan ditu finantzaketa arazoak konpontzeko eta esku artean zeukan kontratu bakarrari eusteko. Jan de Nul konpainiak Navali emandako ultimatuma baino minutu batzuk lehenago. 23:00etan, langileek, etsita, itxialdia hasiko zutela iragarri zuten. Akordioaren berri izan ostean, bertan behera utzi zuten.
Sestaoko Navalek (Bizkaia) eta Belgikako Jan de Nulek iazko uztailean sinatu zuten draga bat eraikitzeko kontratua: meatze-ontzia da, Fall Pipe 340 motakoa, 191 metro luze, 35.000 tona eta 190 milioi euro inguru balio duena. Horrelako kontratuetan gertatu ohi den bezala, Jan de Nulek ziurtatu nahi izan du Navalek nahiko diru edo babes duela hain ontzi handi eta garestiaren ekoizpenari aurre egin ahal izateko. Baina Navalek ez du lortu finantza erakundeek diru hori uztea, eta azkenean akziodun nagusietako batek, Ingeteamek, jarri du: 13,1 milioi euro bermeetan.
Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak akziodunak zoriondu zituen atzo, inplikatzeagatik; baina Naval zeukan kontratu bakarra galtzear egon da, finantza erakundeen iturria itxita, akziodunek dirurik jartzen ez zutelako. Egoera ulergaitza, sindikatuen iritziz. Inplikazio gehiago eskatu diete bazkideei. «Ordua da bazkideak dirua jartzen hasteko», CCOOko Fraizen arabera. «Orain arte ez digute erakutsi enpresan inbertitzeko asmoa dutenik», gehitu du ELAko Javier Leguinak.
Kontratu berriak oxigeno maskara jarri dio itotzear zegoen gaixoari. Baina Navalek gaixo jarraitzen du: hiru urtean ez du kontratu berririk lortu; otsailean entregatuko du egindako azken ontzia (Charles Darwin draga); Jan de Nulena da daukan eskari bakarra; eta bi urte barru entregatuko duen arren, horrek ez du esan nahi langile guztiak bi urtean lanean arituko direnik. Ontzien eraikuntza prozesua urratsez urrats egin ohi da, eta langile bakoitzak hilabete batzuez bakarrik lan egiten du ontzi batean, bere jarduerari dagokion lana tokatzen denean. Apirilean hasiko dira materiala mozten, eta lehen hilabeteetan langileen %30-40 inguruk lan egingo dute. Egun, Charles Darwin ematear, enpresak «basamortua» dirudiela nabarmendu du Jose Luis Fraiz CCOOko ordezkariak.
Hirugarren dosierra
Langile guztiak lanean aritzeko ontzi bat baino gehiago egin behar dituzte aldi berean, eta Navalen denbora da hori gertatzen ez dena. Azken hilabeteetan enpresak bi eskaera galdu dituela gogoratu du Fraizek, «askotariko arrazoiengatik izan bada ere». Zuzendari nagusiak esan zien kontratu berriak espero dituela udarako.
Enplegua erregulatzeko bigarren dosierra indarrean dago enpresan. 363 langileetatik 200i eragiten die. Bigarrena martxoaren 31n amaituko da, eta amaitu bezain pronto enpresak hirugarrena jar dezake indarrean. Sindikatuek ez dute jakinarazpen ofizialik jaso, baina duela hilabete batzuk enpresak esan zien hirugarren dosierra aplikatzeko asmoa.
Bi urtean behin-behineko ehun langile inguru kaleratu dituzte eta Navalentzat lan egiten zuten 2.200 lanpostu galdu dira.
Herenegungo bileran zintzilik geratu zen Eusko Jaurlaritza enpresaren akziodun izateko aukera. Jaurlaritza prest dago, akziodun nagusiak ere bai, baina onartu aurretik ziurtatu egin nahi dute ez dituela Europako lehiakortasun arauak urratzen.
Jaurlaritzak bizkartzain lanak egingo lituzke finantza erakundeen aurrean, bermea eskainiko bailuke dirua lortzeko. Jaurlaritzaren partaidetza txikia eta behin-behinekoa izango litzateke, «enpresa egonkortu arte», Undaren esanetan.
Langileek inplikatzeko eskatu diete Navalen jabeei, etorkizuna bermatzeko
Sestaoko ontziolak azken unean eutsi dio Jan de Nul konpainiaren kontratuari, orain arte daukan bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu