Ekonomia

Langileen baldintzak bermatuko ditu Gipuzkoak foru arau baten bidez

Obra publikoen esleipendunek bete beharko dute foru araua Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak azaldu duenez. Langileen lan baldintzak bermatzea du xede proiektuak, eta uztailaren 8aren aurretik onartzea nahiko luke Diputazioak Batzar Nagusietan, "orduan hitzarmen asko galduko direlako beharbada".

xabier martin
2013ko apirilaren 25a
14:44
Entzun

Foru Aldundiek esleitzen dituen obretan, direla errepideak, direla beste motatakoak, Diputazioek ez dute modurik lan horietan ariko diren langileen lan baldintzak betearazteko. "Beste alde batera begiratu izan da", esan du Gipuzkoako Diputazioko bozeramaile Larraitz Ugartek. Horregatik, Lan baldintzen foru araua onartu nahi dute aurki, "enpresa esleipendun guztiek bete beharko duten arau multzoa. "Azpikontratazio asko egon da obra publikoan eta langileen lan baldintzak bigarren mailan geratu dira luzaroan". Lan agintaritzak emandako ebazpenek hainbat urraketa azaleratu dituztela esan du Ugartek, "langileak kalteturik" egon direla frogatzeko.

Kontua da Foru Aldundiek ez dutela kontratazio arloan eskumenik lan baldintza horiek bermatzeko; lan arloan ere ez dute eskuduntzarik. Baina aurrerantzean kontratazio politika bestelakoa izango da Gipuzkoan, mahai gainean dagoen foru araua onartzen badute Batzar Nagusiek. Finean, foru arau horrek merkanismo juridikoak emango dizkio Diputazioari langileen hitzarmenak bete daitezen, hala bere obra publikoetan nola sozietate publikoenetan ere, Bidegirenetan adibidez. Eta enpresa esleipendunari eta hark azpikontratatzen dituen enpresei eragingo die.

Berdinatasunari lotutako klausulak, Gizarte Segurantzaren eta lan arriskuen prebentzioaren arauak, nahiz soldatak, aparteko orduak eta lanaldiak bermatzen dituzten arauak (hitzarmen kolektiboa) bete beharko dituzte Gipuzkoako Diputazioaren obrak egiten dituzten enpresek. "Batzorde tekniko bat eratuko da obraren jarraipena egiteko". Horretan sindikatuen ordezkariak ere egongo dira, eta haiek ikuskaritza lana egiteko baimena izango dute. "Txostenak egin ahal izango dira, urraketak ote dauden azaleratzeko". Horrela balitz, batzorde teknikoak isunak jarriko lizkioke enpresa esleipendunari; larritasunaren arabera, aurrekontuaren %4, %7 edota %10ekoak izango dira isun horiek. "Diputazioak bere buruari isunak jartzeko ahalmena emango dio foru arauearen bidez", esan du Ugartek. Diputazioak, finean, obraren kontratatzaile gisa jarri ahal izango ditu isunak lan baldintzen urraketarik bada.

Ezker-eskuin errezetak

Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak uste du "krisitik ateratzeko kalitatezko enplegua bermatzea" dela politika zuzena. "Eskuinak eta ezkerrak diagnosi eta errezeta desberdinak dituzte egoerari aurre egiteko", esan du; "gurea langileen baldintzak bermatzea da, kalitatezko enplegua sortzea". Lan baldintzen foru araua "berritzailea" dela azaldu du, ez dagoela parekorik beste diputazioetan, eta ikasturte politiko honetan onartzea nahiko lukeela. Beste alderdien "jarrera positiboa" aipatu du foru arauaz haien ordezkariekin hitz egin duenean. "Zerbait egin behar genuela argi dute gehienek".

Hernaniko saihesbidearen eta Deskargako lanetan ere foru arauak jasotzen dituen zenbait puntu gauzatu zituen Diputazioak, aurrekari moduan, "pleguetan sartuta, adibidez"; baina aurrerantzean Gipuzkoako obra publikoetan langileen baldintzak errespetarazteko foru araua egotea nahi du Diputazioak. "Loteslea behar du izan edozein foru gobernu egonda ere, langileen baldintzak bermatuak egon daitezen".

Foru arauaren beste helburu bat da baldintzak betetazeko asmoa ez duten enpresak urrunaraztea obra publikoetatik. "Enpresa azpikontratatuetan gertatzen dira sarritan baldintzen urraketak, eta haiek ere zorrotz bete beharko dute araua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.