Bost eta erdiak pasatxo zirela abiatu dira Bilbon eta Donostian gehiengo sindikalak antolatutako manifestazioak, Erreformen aurrean langileok eredu berri bat lelo hartuta. Hain zuzen ere, gobernuetatik proposatutako erreformek langileen eskubideak murriztuko dituztela eta krisiari benetan aurre egiteko bestelako eredu ekonomiko bat behar dela aldarrikatu nahi izan dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk, eta horregatik batu dira gaurko manifestazioak antolatzeko. Milaka lagunek egin dute bat deialdiarekin hiriburu bietan. Beste eredu baten aldeko aldarriak, eta gobernuen eta patronalaren jarrera salatzekoak entzun dira. Bi traktorek zabaldu dute Bilboko manifestazioa.
Antolaketaren beharra azpimarratu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Bilboko manifestazioaren hasieran. Muñozek esan du bankuen eta patronalaren jarrera "oso bortitza" dela, eta, gainera, gobernuen babesa duela. Ondorioz, horri guztiari aurre egiteko, langileak antolatzea eta "irmo" jokatzea ezinbestekoa dela erantsi du. ELAko idazkari nagusia ez ezik, Ainhoa Etxaide LABekoa eta beste sindikatuetako buruzagi nagusiak ere Bilboko manifestazioan izan dira. Manifestazio amaieran ELAko Muñozek, LABeko Etxaidek eta ESK-ko Josu Balmasedak hartu dute hitza.
Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte deialdiak. Arestian esan bezala, 17:30etan hasita egin da Donostian ere. Iruñean 18:00etan zuten hitzordua eta Gasteizen 18:30ean.
Ekonomia
"Langileen eskubideak murriztuko dituen erreforma" salatzera kalera atera da gehiengo sindikala
Milaka lagunek parte hartu dute manifestazioetan. Langileek antolatu egin behar dutela azpimarratu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Bilbokoan. Sindikatu horrekin batera LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk egin dute gaurko protestetan parte hartzeko deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu