Jaurlaritzak 1.592 ordutatik 1.614,5 ordutara luzatuko die urteko lanaldia administrazioko 70.000 langileei. Mahai Orokorreko bileran izan dira Jaurlaritzako ordezkariak eta ELA, LAB, CCOO eta UGTkoak, Jaurlaritzako langileen baldintzen gainean negoziatzeko; ez dute akordiorik egin.
ELAren arabera, proposamena "berebiziko eraso larria" da zerbitzu publikoetako langileen eta gizarte guztiaren aurka. Uste du lanaldia luzatzeak lanpostuak galtzea ekarriko duela eta, gainera, 35 orduko "lorpen soziala zapuztu" egingo duela.
Sindikatuak ohar baten bidez azaldu du Jaurlaritzak lehen bilerako jarrerari eutsi diola: "Bere murrizketak ezartzeko Madrilgo dekretuez baliatuta, murrizteko politikarekin jarraitu nahi du". Horregatik, bere proposamena "berehala" bertan behera uzteko eskatu dio, eta errespeta dezala negoziazio kolektiborako eskubidea.
LABeko Itxaso Ortegak, berriz, esan du ez dutela "etsiko", nahiz eta aitortu duen "zaila" izango dela Eusko Jaurlaritzak bere asmoetan atzera egitea. Gainera, langileei eginbehar gehiago ez emateko, "beharrezkotzat" jo du astean 35 orduko lanaldia mantentzea. Ortegaren iritziz, Eusko Jaurlaritza ez dago "kalitatezko zerbitzu publikoak" eta "lan baldintza duinak" eskaintzeko bidean.
Sindikatuak jakinarazi duenez, bihar Mahai Orokorraren menpeko sektoreetan mobilizazioak egingo dituzte; Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzetan (11:00).
Negoziazioan "itxurak" egitea egotzi dio UGTk Urkulluri, eta murrizketak "inposatzea" aurpegiratu dio. Gainera, Espainiako Gobernuak eginiko murrizketei jarraitzea ere leporatu dio Jaurlaritzari.
Jaurlaritza, bere asmoei eutsita
Aurreko bileretan Jaurlaritzak argi utzi zuen bere asmoa lanaldia luzatzea zela. Sindikatuak neurriaren aurka zeuden. ELAk ohartarazi zuen lanaldia luzatzeak 9.000 lanpostu suntsituko dituela.
Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen beste neurri bat bere egingo duela jakinarazi zien gobernuak sindikatuei aurreko bileran. Hain zuzen ere, aukera askeko sei egun libre zituzten orain arte funtzionarioek, eta hiru izango dituzte aurrerantzean.
LABek joan den astean gogorarazi zuen aurrekari hurbilena 2009an Patxi Lopezen gobernuak ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako hitzarmena dela. LABen ustetan, baina, azken urteetan sektore publikoaren garapenean eta langileen lan baldintzetan "atzerapausoak" eman dira, eta horiek erabat aldatu dute negoziazioaren testuingurua.