Lanpostuak finkotzeko eskatu dio lehen aldiz Jaurlaritzak enpresa bati

ELAk salatu duenez, Etxebarriko French Ansolak «iruzurrezko kontratua» egin zien 147 langileri

2005eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Lan Administrazioak auzitara jo du Etxebarriko (Bizkaia) French Ansola enpresaren aurka, behin-behineko 147 langileren egonkortasuna eskatzeko. «Lan jarraituetan zebiltzala eta, beraz, kontratuak gezurrezkoak zirela egiaztatu du Administrazioak», ELAk atzo iragarri zuenez. Izan ere, sindikatuak Lan Ikuskaritzan egindako salaketetan oinarrituta dago auzia.

«Denbora jakin baterako sasi kontratuen» gehiegizko erabilera gaitzetsi zuen ELAk, «zorioneko albistearen» harira. Administrazioak «iruzurrezko kontratazioaren» aurka egin duen lehen aldia omen, eta pozik zegoen sindikatuko idazkari nagusiaren alboko German Kortabarria: «Antzeko kasu ugariak baldintzatzeko balioko duen itxaropena daukagu».Autogintzan dabilen multinazional estatubatuarra da French Ansola, eta 1999ko lan itunaren osteko kontratazioak daude gatazkaren muinean. Sasoi hartan, enplegua egonkortzeko akordio batean adostu zen enpresa langileen batzordearekin (ELAko ordezkariarekin eta LABeko zortziekin). Lantegiko 200 beharginetatik 95 batek behin-behineko kontratua zeukaten. «Kostata baina enpresaburuek onartu zuten bazterketa amaitzea», ELAko Metaleko arduradun Marikruz Elkorok zehaztu zuenez. Kontratu finkoa egin zieten. Ez, ordea lan ituna hitzartu ondoren enpresan beharrean hasitako langileei. Eskulan premian zegoen French Ansola eta, bost urtean, 147 pertsona gehiago hartu zituen.Obra kontratuen bidez handitu zuen lan taldea eta, hitzarmena berritzerako, behin-behinekoak ziren beharginen erdiak: «Langile finkoen zeregin berberetan jardun baina 200 euro gutxiago kobratzen zituzten hilero». Kontratuen kopiak eskatueta ELA «laster batean» jabetu zen iruzurraz.«Jabetu ginen, gainera, enpresaren estrategiarekin bat zetorrela LAB». Behin-behinekotasuna samurtzeko neurriez negoziatzeari uko egin zion French Ansolak, eta Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen ELAk iaz. «Urtebetez ekin eta ekin jardun ostean», Lan Administrazioak auzibidera jo zuen joan den astean. «Bilboko Gizarte Epaitegiak atzo jakinarazi zigun behin-behineko 147 lanpostu horiek egonkortzeko eskaera egin berri duela Lan Administrazioak».Enpresak helegitea aurkez dezake orain. ELAk, dena den, espero du kalte-ordainez haratagoko emaitzak emango dituela salaketak, enpresak orain dauzkan 360 langileen artean ez baitaude kaltetuetako asko.

«Iruzurrak ohikoak dira»

French Ansolan ez ezik, kontratazioaren inguruko iruzurrak «ohikoak» dira lan merkatuan,Negoziazio Kolektiborako arduradun Adolfo Muñozek kritikatu zuenez. «Ugazabek behin-behinekotasuna daukate lan baldintza txarrei eta bazterketei eusteko tresnatzat».

Prekarietatearen «ardatz» dira aldi baterako kontratuak. Are okerrago, «egoera lazgarri» honi aurre egiteko «borondaterik» ez daukate erakunde publikoek: «Ez diete behar bezalako babesa eskaintzen langileei». Epaitegietara banaka-banaka joatea «erokeria» dela oroitarazi zuen Muñozek.French Ansolaren auzia «eredugarri» izatea nahi du sindikatuak, beraz. «Gizarte elkarrizketa delakoak ezer gutxirako balio du». Eguneroko borroka da lanaren «errealitate gordinari etaprekarietateari» aurre egiteko tresna bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.