"Lehenik eta behin, lanpostuak mantentzea ahalbideratuko duten proiektu industrialen alde egingo dugula jakinarazi nahi dugu", dio LAB sindikatuak Fagor Etxetresnetako langileen egoeraren inguruan hedabideei igorritako oharrak. Likidazio fasean dago Fagor Taldea, eta Pedro Malagon epaileak administratzaile judizialen plana onartzen duen bezain laster interesa duen edonork eskaintzak aurkezteko fasea helduko da. Astelehenean bertan iritsi daiteke epailearen oniritzia.
"Likidazioan, langileon ordezkarion iritzia kontuan hartua izango da eroslea hautatzerakoan", dio LABek, planean langile-bazkideen iritzia kontuan hartuko direla esaten dela jakintun. LABen babesa erabakitzeko aldagai nagusienak bi dira: "Ahal den enplegu gehien mantentzea baldintza duinetan: ez dugu onartuko Fagor Etxetresnaken errekonbertsioa lan baldintzen prekarizazioaren bizkar egitea". Eta bigarrena: "Proiektu industrialaren sendotasuna, bai enplegu zuzenaren ikuspegitik, baita eskualdearen etorkizuneko garapenerako sortu daitekeen aberastasunari dagokionez".
Adierazpen publikoetaz haratago helburu horiekin konpromisoa hartzeko esan dio Eusko Jaurlaritzari sindikatu abertzaleak. "Fagor Etxetresnak taldeko langile guztien egoera larria da", dio LABek, "izan Grumal, Fagor edo Edesako langile, eta izan enpresako jabetzaren jabe edo besterentzako lana egiten duen langilea". Konponbiderik egongo bada "guztientzat konponbidea" izan behar duela uste du LABek, "bazkide izan ala ez". Horrek, "kooperatibismoaren berezko elkartasun izaera" indartuko lukeela uste du sindikatuak.
Mondragon taldeari eskaera
Konkurtsoko Administratzaileei, eta "Fagor markaren jabeari" ere erreparatu dio LABek, Mondragon taldea aipatuz. Jabea berez, Fagor Taldea da, Mondragon taldearen barruan duen estatus juridiko bat tarteko. Fagor markaren eskubideak Fagor Taldean daude, ez Mondragonen; hala ere, Fagorren bidez Mondragon taldearen eragina gauza daitekeela ezin da ukatu.
"Euren inplikazioa areagotu dezaten eskatzen diegu", dio LABek. Mondragonek Fagor Etxetresnen egoeran "erantzunkizuna" baduela argi dio sindikatuak, "eta erantzunkizun horri aurre egin behar diola". Likidazioa iristean industria jarduerarekin aurrera egiteko "erosleek markaren erabilpena beharko dutenez", langile guztien eskubideak defendatzeko eskatu diote Mondragoni. "MCk orain du momentua frogatzeko ez duela bestelako multinazionalen moduan jokatzen".
Kooperatibismoa "Euskal Herriaren etorkizunerako osagai garrantzitsua" izango dela uste du LABek, "eta elkartasunean eta partaidetzan oinarritutako eredua beharrezkoa izango dela beste Euskal Herri justuago bat eraikitzeko". Fagor Etxetresnen porrota euskal kooperatibismoaren "azterketa kritikoa" egiteko erabili beha dela dio sindikatu abertzaleak, "etorkizunari begira jartzeko, jatorrizko elkartasun baloreetan oinarrituta".