Zerbitzuetan izan ezik, gainerako jarduera guztietan handitu zen okupazioa. Industriak 3.200 lanpostu sortu zituen joan den urteko azken hiruhilekoan; eraikuntzak, 1.700, eta nekazaritzak, 800. Hirugarren sektorean, aldiz, 2.300 galdu ziren. Generoari dagokionez, soilik gizonen artean handitu zen lanean ari zirenen kopurua. Emakumeen artean, 700 gutxiago zenbatu zituen Eustatek. Araban eta Bizkaian handitu zen okupazioa, baina ez Gipuzkoan.
Urtebetean, guztira, EAEko lan merkatuan 26.600 lanpostu galdu dira. Badira aldeak sektoretik sektorera. Hala, industrian eta nekazaritzan izan da lanpostu galera handiena. Industrian, hain zuzen ere, 24.700 lanpostu desagertu ziren. Eraikuntzak, aldiz, okupatu kopuruari eutsi zion, aurreko urtearekin alderatuta. Galdu ziren lau lanpostutik hiru gizonezkoek betetzen zituzten.
90.400 langabe
Okupazioak gora egitea berri ona da, baina langabeziaren datuak agerian utzi du oraindik ere atzeraldiaren enbata ez dela amaitu. Aurreko hiruhilekoan baino 4.900 langabe gehiago zenbatu zituen inkestak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Igoera oso aipagarria izan zen emakumeen artean, 6.700 langabe gehiago agertzen baitira. Aldiz, 1.800 gizon gutxiago zeuden langabeen zerrendan.
Azken datu hori kontuan hartuta ere, oraindik ere emakumeen langabezia tasa gizonena baino txikiagoa da, gutxigatik. Emakumeek jarduera tasa nabarmen txikiagoa izateak azaltzen du datu hori. Guztira, Eustatek 90.400 langabe zenbatu zituen iazko azken txanpan, aurreko urtean baino ia 43.000 gehiago(%90eko igoera).
Langabezia tasa lau puntu igo da urte batetik bestera. Herrialdez herrialde, Arabak du tasarik handiena, %10 gaindituta. Bizkaian %9,1ekoa da, eta Gipuzkoan, %7,1ekoa. Gazteen artean, laurden batek beharrik gabe jarraitzen du; hamahiru puntuko igoera aurreko urtetik. Lana lortzeko zailtasunak eta arazoak egon arren, populazio aktiboaren igoera ez da gelditu.
Aldi baterakoak, gutxiago
Soldatapeko langileak gutxitu egin ziren 2009an, baina kontratu motak zerikusi zuzena izan zuen horretan. Jaitsiera hori, osorik, aldi baterako kontratuarekin edo kontraturik gabe daudenei dagokie. Eustaten arabera, aldi baterako kontratua zutenen kopurua %2,5 jaitsi zen iaz. Egun, bost langiletik batek ez du kontraturik edo aldi baterako dago.
Generoak ere zerikusi zuzena du prekarietatearen hedapenarekin. Gizonen %16k bakarrik ez dute kontratu mugagaberik. Emakumeen artean, berriz, portzentaje hori %26koa da, hamar puntu gehiago.
Bestalde, etxebizitzen heren batean ez dago pertsona aktiborik. Halaber, etxeko kide guztiak lanik gabe dituzten familiak iaz baino 14.700 gehiago dira. Guztira, 28.000 familia daude egoera horretan; guztietatik %3,3.
Eustaten inkestak krisiaren okerrena atzean geratu dela pentsatzeko «itxaropena» piztu duela uste du Confebask patronalak. Hala ere, zuhurtzia eskatu zuen patronalak, joera benetan finkatzen den edo datu bakana izan den ikusi arte.