Lanbide

Lanuzteak egingo dituzte Lanbiden hilaren 25ean, 26an eta 27an

Sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak ez duela negoziatzeko borondaterik.

Lanbideren bulego bat. NEREA URANGA/ UROLA KOSTAKO HITZA
Miren Garate.
2015eko martxoaren 16a
15:21
Entzun

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk egin dute deialdia. Lanuzte partzialak izango dira, 08:30etan hasi eta 14:00ak arte. Sindikatuek ohartarazi dutenez, egunez egun "larriagotzen" ari da Lanbideko bulegoetako tentsioa, eta zuzendaritza taldeek ez dute gaitasunik zerbitzua antolatzeko eta kudeatzeko.

Aspaldikoa da Lanbideko antolakuntzaren inguruan sindikatuek eta gobernuak duten desadostasuna. Gatazkaren muina 2011. urtean dago, Ajuria Enean Patxi Lopez eta Enplegu Sailean Gemma Zabaleta sozialistak zeudela, enplegu politika aktiboen eskumena jasotzeaz gain, Lanbidek bere gain hartu zuen gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa. Harrezkero behin-behineko egoeran egon dira zerbitzu hori emateko kontratatutako langileak, erakundeko antolakuntza eredua eta lanpostu zerrenda noiz argituko zain.

Jaurlaritzak joan den abenduaren 30ean lanpostu zerrenda erabaki zuen, baina sindikatu guztiak kontra ditu. Salatu dute gobernuak ez duela izan negoziatzeko borondaterik. "Lau urte hauetan amaigabeko bilerak egin ditugu, baina gobernuak ez du amore eman negoziazioaren giltzarri puntuetako batean ere. Ez dira saiatu benetako negoziazio bat egiten". Sindikatuen esanetan, EAJk gogor kritikatu zuen aurreko gobernua Lanbide antolatzen ez asmatzeagatik, "baina EAJk hanka sartze berberak edo okerragoak egin ditu".

Sindikatuek Angel Toña Enplegu sailburu berriari eskatu diote ez onartzeko "jasotako herentzia"; halaber, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuari esan diote bertan behera uzteko onartutako lanpostu zerrenda, eta negoziatzen hasteko.

Jaurlaritzak bere asmoekin aurrera egiten badu langileen baldintzak okertu egingo direla diote langileen ordezkariek, "baina zerbitzuan izango duen eragina ikaragarria izango da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.