Frantziak aldaketa nabarmenak onartu ditu AHT xedearen atalean, eta, Lapurdiri dagokionez, jakinarazi du bertan behera utziko dituela zundaketa lanak 2014ra arte. Horrekin batera, bi erabaki garrantzitsu onartu ditu Frantziak, hala nola Tren Garraioen Behatokia sortzea eta 500 metroz gorako ibilbidea lantzeko egin diren lur desjabetzeak indargabetzea, lurra lehengo jabeei itzuliz. Horrek ez du erran nahi AHT xedea bertan behera uzten duela Frantziak, baina, bederen, zundaketak bi urtez gibelatzea lortu dute AHTaren aurkako taldeek eta hautetsiek. Bilkuratik atera ondoren, Mixel Hiriart Hego Lapurdi Herri Elkargoko presidenteak nabarmendu du adostasunerako bidea ireki dela.
Hego Lapurdi, Aturri-Errobi eta Errobi Herri Elkargoetako presidenteak Thierry Mariani Frantziako Garraio ministroarekin bildu ziren atzo, Parisen. Hautetsiak pozik atera ziren bilkuratik. Lapurdiko hautetsiek nabarmendu dute adostasunerako urratsak egin direla lehen aldiz, nahiz eta Frantziak AHT xedea ez duen baztertu. AHT xedeak orain arte finkaturiko egutegia atxikiko du, ibilbidea zehaztuko da eta 2013an inkesta publikoa burutuko da. Baina anartean ez da zundaketarik eginen eta ondorioz, 2014a aitzin ez da deliberatuko egiten den edo ez. Erabaki hori hartzeko prozedura ere aldatu da, Frantziak onartu baitu Tren Garraioaren Behatokia sortzea. Lapurdiko ibilbideaz egindako ikerketa guztiak aztertuko dituzte bertan, tokiko hautetsiak presente egonen direlarik. Hiriarten iritziz, proposamen horrek kontzertaziorako bideak irekitzen ditu, Lapurdiko hautetsiak presente egonen direlako Lapurdiko atala egin edo ez erabakitzeko momentuan. Gainera, hautetsiek berek eskatu ikerketak aztertuko ditu behatokiak. Lapurdiko atala beharren arabera eginen zela agindu zuen Frantziako Gobernuak orain baino lehen. Adierazpen horietan oinarrituz eta behatokiaren sorrera kontuan hartuz, urrats garrantzitsu bat egin dela adierazi du Hiriartek.
Lurren kakoa
Borondatezko hitzen gainetik lurren desjabetzearen auzia dagoelagogoratu du Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiak. Izan ere, prozedura abiatu zuenetik, balizko ibilbidearen inguruko 1.000 metroko lurrak desjabetzeari ekin zion Frantziak. Herriko Etxeek ere horren kaltea pairatu zuten, bertan burutu nahi zituzten xedeak ezinezko bihurtu zirelako erabaki horren ondorioz.
Frantziako Gobernuak onartu du ikerketa eremua 1.000 metrotik 500 metrora murriztea eta ondorioz, eremu horretatik at egin diren desjabetzeak indargabetzea eta lurra lehengo jabeei itzultzea. Baina erabakiak ez ditu hunkitzen 500 metroko eremuan dauden lurrak. Errealitate hori kontuan hartuz, Parisek iragarri duen urratsa zuhurtziaz hartu behar dela azpimarratu du Alain Iriartek.
Bertze alde batetik, Laurent Nuñez Baionako suprefetak bilkura batera deitu ditu Lapurdiko hautetsiak. Bilkura ostiralean burutuko da suprefeturan eta hautetsiek baino ez dute ukanen sartzeko eskubidea. Bertan, Pariseko bilkuran aipatutakoaren berri zehatza emanen die Suprefetak.
Ingurumenaren aldeko taldeek ez dute Parisko bilkuraren baloraziorik egin oraindik, baina AHT xedea kolokan ezar dezakeen bertze atal bat azpimarratu dute. CADEren iritziz, Frantziaren defizitak erabat baldintzatzen ditu AHTa egiteko benetako aukerak. Frantziak ez omen du AHT alorrean burutu nahi dituen lan guztiak egiteko dirurik eta horrek baldintzatuko du Lapurdiko atala egin edo ez.
Gainera, Frantzia aztertzen ari da Pirinioen erdi aldetik Zaragozarako lotura egitea. AHT xede hori ikertzeko 500 milioi euroko aurrekontua osatu behar du.
Bilkuraren ondoren ez da AHT xedea kolokan ezarri. Berrikuntza nagusia Tren Garraioen Behatokia sortzea da eta ustez haren eskutan uztea azken erabakia. Lehen aldiz Lapurdiko hautetsiei erabakiguneen ateak irekitzea ere urrats bat da baina ez die emaitzaren bermerik emanen. Izan ere, oraindik ez dute zehazki azaldu zein izanen den behatoki horren osaketa eta zein izanen den Lapurdikohautetsien ahala horretan. Lehen aldiz entzunen dituzte egitura ofizial batean eta haiek aurkeztutako txostenak ikertuko dituzte. Ingurumenaren aldeko taldeek espero duten erabaki bakarra AHT xedea bertan behera uztea dela berretsi dute.
Krisia. Azpiegiturak
Lapurdiko AHTa geratu dute...
Lapurdiko zatian zundaketak gelditzeaz gain, Frantziak Tren Garraioaren Behatokia sortuko du, behin betiko erabakia hartzekoSuprefeta Lapurdiko hautetsiekin bilduko da ostiralean, xedearen berri emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu