igandea
Eskozia: The Herald egunkariak kaleratutako inkesta baten arabera, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Alderdi Laboristak baino emaitza hobeak lortuko lituzke Eskoziako Parlamenturako bozetan. Iragan maiatzeko bozekin alderatuta, SNPk zazpi puntu irabaziko lituzke eta laboristek lau galdu.
astelehena
Herrialde Katalanak: ICV Iniciativa per Catalunya-Els Verts alderdiko Gironako presidente Joan Boadak ERC Ezquerra Republicanari eta PSC alderdi sozialistari egotzi zien CiU Convergencia i Unio alderdiari Gironako Diputazioa eta eskualdeetako kontseiluak mantentzeko laguntza emateaz.
asteartea
Gales: Ucac Galesko irakasleen sindikatuak bilera bat egin zuen Cardiffen, datorren urtean Powyssetan galesezko eskolak irakasleen eskasia berriz egon daitekeelako kezkatuta dagoelako. Konponbideak ere aztertu zituzten.
asteazkena
Herrialde Katalanak: Kultur eta argitaletxeen arloan polemika piztu zen jakin zenean Mallorcako Udalak asmoa duela Ciutat de Mallorca literatur sarietan katalanezko lanez gain gaztelaniazkoak ere onartzeko. Duela 24 urte lehiaketa sortu zutenetik lanak katalanezkoak izan dira beti.
osteguna
Gales: Greban ziren Caernarfon hiriko Friction Dynamics auto lantegiko langile guztiei 93 kalean geratu zirela jakinarazi zien Manchesterko (Ingalaterra) auzitegiak. Gatazka 2001eko apirilean hasi zenetik borrokan eta auzitegietan aritu dira beharginak.
ostirala
Galizia: Prestige petroliontziak eragindako hondamendiaren haritik sortutako Nunca Mais plataformak ukatu egin zuen bera denik Galizian turismoak izan duen beherakadaren eragilea. Akusazioa Pontevedrako Ostalarien Elkarteak egin zion. «Turistak ez etortzeko, Prestige-k eragindako hondamendiaz gain, badira eragile gehiago; ekonomia, esaterako, ez dabil oso fin».