Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin enpresako zuzendaritzak Lehiakortasuna Hobetzeko 2008-2011 Plangintza "langileekiko presioekin eta xantaiarekin" ezarri nahi duela adierazi du bertako Langileen Batzordeak, eta beharginei plana "presiopean" ez onartzeko eskatu die.
Abenduaren 10ean onartu zuten enpresaren plan estrategikoa, CCOO, ESK eta CSI sindikatuekin botoekin. ELA eta UGT abstenitu egin ziren, eta LABek kontra bozkatu zuen.
Plan horren arabera, 550 lanpostu desagertuko dira aurrejubilazio, sustatutako bajekin eta lekualdatzeekin. Langile Batzordearen iritziz, enpresa azkenaldian "xantaia" erabiltzen ari da langileei bajak emateko orduan. "Esaterako, bi langile bidali egin nahi dituzte, urteko 45 egun ordainduta. Bere proposamenak sinatzera behartzen ari da jendea".
Batzordeak eskatuta, zuzendaritzak eta biek bilera egin zuten atzo, eta langileak ez ziren gustura geratu enpresaren jarrerarekin. Batzordeak gaur elkarretaratzea egingo du, eta "neurri gogorrak" hartzeko prest da.
Ekonomia
Lasarte-Oriako Michelineko langileek diote enpresak "xantaiarekin" ezarri nahi duela plana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu