Lau aukera euroaren eremuarentzat

2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eurogunea erdibitzea. Alemaniak hala egin nahi duela ukatu arren, gero eta gehiago dira irtenbide hori bultzatzen dutenak. Haien arabera, gaur egungo eurogunea oso hetereogenoa da funtzionatzeko, esportazioei esker eusten dioten herrialde aurrezleak daudelako batetik (Alemania, Herbehereak, Austria...) eta hainbat urtez aurrekoen aurrezkiari esker beren ekonomiak sostengatu dituztenak bestetik (Italia, Grezia, Espainia...). Horregatik diote hobe dela iparraldeko herrialde horiek soilik eustea euroari; hori bai, orain baino zerga eta ekonomia politikak gehiago koordinatuta. Besteek, kanporatuek, bi irtenbide izango lituzkete: euro bis ahulago bat sortzea, edo bakoitza bere kasara zulotik ateratzen saiatzea. Aukera horrek, ordea, baditu zenbait arazo. Esaterako, herrialde indartsuen euro berria halabeharrez indartsuagoa izango litzateke, eta horrek ez lieke mesederik egingo beren esportazioei. Hau da, ezingo lituzketela BMWak Italian saldu.

Eurogunea erabat haustea. Gaur egun pentsaezina izateari utzi badio ere, oraingoz ez dirudi gertatuko denik. Batetik, kostu politikoa handia izango litzateke. Europako Batasunaren azken hogei urteotako proiektu kutuna izanik, haren hausturak Europa batuaren proiektua bera zalantzan jarriko luke. Bestetik, kostu ekonomikoa dago. Epe erdira herrialde askori agian komeni zaien aukera izan arren—beren ekonomien lehiakortasunik eza debaluazioen bidez konpontzeko—, epe laburrean atzeraldia, aurrezkiak desagertzea, bankuen eta enpresen porrota eta langabezia handitzea dira aurreikus daitezkeen ondorioak. Oraingoz inork ez du arriskua hartu nahi.

Eurogunea indartzea. Politika ekonomikoa eta zerga politika ahal bezainbeste Europaren esku uztea. Diru batasun batentzat ondorio logikoena izango litzateke, baina subiranotasun galtze handi bat ekarriko luke, funtsean Alemaniak aginduko lukeelako. Politikoki prozesu zaila da, EBren itunak aldatu eta bozkatu beharko liratekeelako.

Oraingo bideari eustea, baina zuzenketekin. Beste aukera guztien zailtasuna ikusita, badirudi EB oraingoari eusten saiatuko dela: krisi sakonean dauden herrialdeek are gehiago estutu beharko dituzte gerrikoak, aldi berean lan kostuak jaisten dituztela lehiakortasuna berreskuratzeko. Prozesu horrek hazkundea trabatzen du, ordea, eta hura gabe berreskuratu gabe ezin da zulotik atera. Herrialde zorpetuenei zorren zati bat barkatu beharko zaie, eta zenbait neurri hartu beharko dira merkatuei aurre egiteko, hala nola EBZren esku hartzea handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.