Ekonomiaren moteltzeari eta langabeziaren hazkundeari joan nahi ez duen beste arazo bat gehitzen ari zaio: inflazioa. Giro ekonomiko txarrean beherantz egin beharko luke, eta hala aritu da maiatzaz geroztik. Irailean, ordea, berriro gorantz egin du. INEren arabera, prezioak %0,3 igo ziren, tabako konpainiek prezioen gerra eten eta zigarretak garestitzea erabaki zutelako, eta erregaiek ere gorantz egin zutelako. Udako merkealdia amaituta, jantziak ere garestitu dira.
Edonola ere, adituek uste dute iraileko igoera salbuespena izango dela, eta urrian berriro ere beherantz egingo dutela prezioek, krisiaren okertzeak akuilatuta. Erregaiek ere lagundu beharko lukete, iazko urrian hasi baitzuten goranzko joera, eta orain ez delako halakorik espero.
Confebaskek iraileko alde on bakarrenetako bat nabarmendu nahi izan du: aspaldiko partez, inflazioa eurogunearen mailara heldu dela, eta hortaz, ez diola enpresen lehiakortasunari kalte egingo, merkatu nagusien aldean. Sindikatuek, berriz, soldaten igoera eskatu dute erosteko ahalmena txikitu ez dadin.
Lau hilabetez behera egin ondoren, inflazioak gorantz egin du irailean
Tabakoak eta erregaiek %3ra igo dute KPI Hego Euskal Herrian, baina urritik aurrera jaistea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu