ekoNOMIA

Lau mila langabe kontratatzeko enplegu plan berezia martxan jarriko du Lanbidek

Ivan Santamaria.
2011ko martxoaren 3a
12:11
Entzun

Lanbide Eusko Jaurlaritzaren Euskal Enplegu Zerbitzuak lau mila langabe kontratatzeko plan berezia martxan jarriko du, gaur Gemma Zabaleta Lan sailburuak Gasteizen jakinarazi duenez —Lanbideko administrazio kontseiluaren izenean mintzatu da—. Gazteei, langabezia saria jasotzen ez duten langabeei eta diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duten onuradunei zuzenduko zaie egitasmoa.

Kontratuak aldi baterako izango dira, eta, asko jota sei hilabeteko iraupena izango dute. Hori bai, lanaldi osoak izango dira eta soldata sektoreko itun kolektiboaren araberakoa izango da. Lanbidek berak kudeatuko ditu eskaerak, eta kontratazioa sustatzeko 42 milioi euro bideratuko ditu. Batez beste, kontratu bakoitzak 1.500 euroko laguntza publikoa jasoko du.

Ekonomia suspertzeko asmoz Jaurlaritzak egindako +euskadi09 planaren jarraipena izango da. Plan horrek zazpi mila langabe aldi baterako kontratatzea aurreikusten zuen, baina azkenean 5.600 izan ziren. Azken kontratuak joan den urtarrilaren 31n amaitu ziren, eta 61,5 milioi euroko laguntza publikoa jaso zuten guztira. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.