Finantza publikoak

Laukoak onartu du iazko superabiteko 113 milioi euro inbertsio publikorako izatea

Foru lege proposamena erregistratu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerra taldeek berehalako tramite bidez, eta espero dute urriaren 4rako onartzea.

Lau alderdietako eledunak proposamena erregistratzeko unean. @EHBILDUNAFARROA
joxerra senar
2018ko irailaren 20a
07:49
Entzun

Nafarroako Gobernuak iaz 215 milioi euroko superabit berezia izan zuen, eta orain exekutiboa babestu duten lau indarrek hitzartu dute diru horren erdia baino gehiago (113 milioi euro) inbertsio publikora zuzentzea. Gainerako dirua zorra amortizatzeko erabiliko da.

Iragan urte amaieran PPren gobernuak eta Nafarroako exekutiboak 2015-2019 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu zuten, eta ondorioz Espainiako administrazioak 215 milioi euro itzuli behar izan zizkion Nafarroari, aurreko urteetan ekarpen bidez gehiegi ordaindu zuelako. Hartara, urte hasieran, eztabaida politikoaren erdian egon zen zer egin diru horrekin, baina Cristobal Montoro orduko Ogasun ministerioak ohartarazi zuen dirua osorik zorraren amortizaziora bideratu behar zela, gastu-arauaren ondorioz.

Hilabeteotan laukoa osatzen duten alderdiak ahalegindu ziren gastu arauaren legearen interpretazioan zirrikiturik bilatzen, ea 215 milioi horietatik zati bat bederen inbertsiorako erabil zitekeen. Maiatzean, Espainiako Gobernua aldatu ondotik, testuingurua ere aldatu da, eta orain foru lege proposamena erregistratu dute Parlamentuan, berehalako prozedura erabilita. Irakurketa bakarreko tramitazioa izango da eta urriaren 4rako onartzea espero da.

Lege prosamen horrek bi zati ditu. Batetik, 20 milioi euro Tokiko Inbertsio planean sartuko dira, eta udalek abenduaren 31 bitarteko epea izango dute inbertsio horiek esleitzeko. Bestetik, gainerako 93 milioi euroak beste departamenduetako inbertsioetarako erabiliko dira, batik bat Hezkuntzan eta Osasunean.

Geroa Baiko Koldo Martinezek azaldu du Estatuko Aurrekontu Orokorren 116 xedapen gehigarriak ahalbidetu egiten die gastu-muga bete eta superabita izan duten erkidegoei horren zati bat inbertsiora zuzentzea. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, Nafarroak "duela asko" behar zuen inbertsioen plan berezi bat. Ahal Dugu-Orain Bai taldeko Laura Perezen arabera, legeak ematen duen tarte estua ikusita, gaitzen artean "txikiena da" hori eta Espainiako Aurrekontuen Egonkortasunerako legea indargabetzea eskatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.