Nekez berreskuratuko dira berriro 2008ko zenbakiak, baina etxebizitzen salmentak gora doaz azken hilabeteetan, eta salneurriek ere lurra jo dutela ematen du. Joera hori berretsi du berriro INE Espaniako estatistika institutuak 2014ko azaroko datuarekin. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan 1.327 etxebizitza saldu dira, 2013ko hilberean baino %25,3 gehiago (1.059). Lurraldeen artean bada alderik, eta Nafarroa da jarduera handiena erregistratu duena, urtebetean ia %50 etxebizitza gehiago saldu baitira (%48,2).
Saldutako etxebizitzen artean gehienak prezio askekoak dira, baina babes ofizialeko salmentek ere gora egin dute, batik bat Nafarroan (%81,7). Etxebizitza berria eta bigarren eskukoaren artean ere bada alderik, kontratu berri gehienak bigarren eskuko etxeei baitagokie, %70 inguru. Etxebizitza berri gutxi saltzen da oraindik, baina saltzen hasi da, ordea, urteak iraun duen erabateko paralisiaren ondoren.