Lege dekretuan garatutako edukiak

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

FORMAKUNTZA



Kontratu luzeagoak. Formakuntza kontratuak gutxienez urtebete iraungo du, eta asko jota, hiru. Orain arte bi urte ziren.

Adina, gora. Langabezia tasa %15etik jaisten ez den bitartean, langileak 30 urte eduki arte egin ahalko dira kontratu horiek.

Kontratu gehiago. Orain arte langile batek behin bakarrik izan ahal zuen formakuntza kontratua enpresa batean. Muga hori desagertu da, betiere egingo duen jarduera beste bat bada.

EKINTZAILEEN KONTRATUA



Proba epe luzeagoa. 30 urtez azpikoentzako kontratu mugagabeak urtebeteko proba epea izango du, hots, enpresan urte bat igaro arte kaleratu dezakete inolako kalte-ordainik gabe. Tekniko tituludunentzat probako epea sei hilekoa da legean, eta beste langileena bi edo hiru hilekoa.

Pizgarrien baldintza. Kontratu mota horrek dituen onura guztiak baliatu nahi baditu, enpresak hiru urtez izan beharko du langilea nominan.

APARTEKO ORDUAK



Lanaldi partziala. Lanaldi osoko kontratua ez zuten langileei aparteko orduak egitea debekatzen zien legeak orain arte, eta debeku hori kendu du erreformak.

LANALDIAREN ALDAKETA



Enpresaren esku. Urteko lanaldiaren %5 bere nahiera antolatzeko eskumena izango du enpresak, itun kolektiboak kontrakoa ez dioen bitartean. Aukera bazegoen legean, baina ez zen ehunekorik aipatzen.

MUGIKORTASUN GEOGRAFIKOA



Aukera gehiago. Langile bat beste lantoki batera bidaltzea justifikatzeko orain arte zeuden arrazoiei beste batzuk gehitu zaizkie. Lehiakortasun, produktibitate eta antolakuntza teknikoarekin zerikusia izatea aski izango da.

Agintaritzarik ez. Lan Agintaritzak esku hartzeko zuen eskubidea kendu dute.

Babestutako kolektiboak. Orain arte langileen ordezkariek lanpostuan jarraitzeko lehentasuna zuten lekualdatzeak zeudenean. Itun bidez, beste talde batzuk lehenetsi litezke orain: familia duten langileak edo zaharrenak, esaterako.

ALDAKETAKLAN BALDINTZETAN



Soldata ere bai. Arrazoi ekonomikoen ondorioz enpresak aldatzeko aukera dituen alorren artean soldata sartu da; orain arte salbuetsita zegoen. Hor ere lehiakortasuna, produktibitatea eta lanaren antolakuntza argudio gisa erabili ahalko ditu enpresak.

Epe laburragoak. Lehen 30 eguneko aurrerapenarekin abisatu behar zitzaien langileei, orain 15ekin nahikoa izango da.

Ordain txikiagoa. Aldaketarekin ados ez dagoen langileak 20 laneguneko ordainarekin kontratua bertan behera utz dezake. Badu erabakiaren aurka auzitara jotzeko aukera.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA



Dena ezbaian. Arazo ekonomikoak zituztenean, itun kolektiboan ezarritako ordaina murrizteko aukera ematen zien legeak enpresei. Orain, ia edozer aldatzeko aukera izango dute: lanaldia, orduak, txandak, soldata eta ordain sistema, lan antolakuntza, eta abar.

Sei hilabete. Lan baldintzak aldatzeko arrazoi ekonomikoak justifikatzeko argudio zerrenda zabaldu egin du erreformak. Diru sarrerak edo salmentak sei hilabetez jastea aski izango da, esaterako.

Arbitratze derrigorrekoa. Lan baldintzen aldaketari buruz akordiorik ez badago, azken hitza arbitratzeak izango du. Itun Kolektiboen Espainiako Batzordeak edo erkidegoko pareko organoen esku geratuko da erabakia, eta irtenbidea eskatzen zaienetik 25 egun izango dituzte epaia kaleratzeko.

Lehentasuna, enpresak. Enpresetako itun kolektiboek lehentasuna izango dute beste hitzarmen guztien aurretik.

KALERATZE ESPRESA



Legetik at. Kaleratzea baliogabea zela onartu eta legeak agindutako kalte-ordaina emanez langileak bidaltzeko aukera ezabatu da legetik.

KALERATZE KOLEKTIBOA



Arrazoi gehiago. Arrazoi ekonomikoak findu dira. Bederatzi hilabetez diru sarrerak edo salmentak murriztea aski izango da, esaterako.

Administrazioaren baimenik ez. Lan agintaritzaren oniritzia behar zuten erregulazioek. Hemendik aurrera, ez. Akordiorik ez badago, auzitara jotzeko aukera dute langileek. Lantokiak EAEn edo Nafarroan dituzten enpresetan azken erabakia justizia auzitegi nagusiek izango dute.

ABSENTISMOA



Banan banakoa. Enpresako absentismo globala %2,5 baino handiagoa izan behar zuen langileren bat huts egiteagatik kaleratu ahal izateko. Muga kolektibo hori desagertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.