Bozketak zehatz-mehatz errepikatu zuten joan den azaroko beste eztabaida baten gidoia. PSE-EEk aurkeztu zuen legez besteko proposamenaren alde bozkatu zuten oposizioko alderdi guztiek, eta onartua izan zen. Erabakiak ez zuen ondorio praktikorik izan, legez bestekoa zelako, baina atzo lezioa ikasita joan ziren sozialistak legebiltzarra, eta, behintzat, gaia berriro ere eztabaidatzera behartuko dituzte EAJ, EA eta EB.Bi atal ditu onartutako testuak. Lehenbizikoan, oinarrizko errentaren dirulaguntza eta gutxieneko soldata parez pare jartzen dira. 2006rako oinarrizko errentaren kopurua gutxieneko soldataren %87 da: 6.588,12 euro urtean, pertsona bakarra baldin bada bizikidetza unitatean. Gutxieneko soldataren pare, berriz, ia mila euro gehiago lirateke: 7.572,6 euro, 82 gehiago hilabete bakoitzeko.Bigarren atalari dagokionez, bizikidetza unitateak laguntzaren bat jasotzen baldin badu, gutxieneko soldatarekin dagoen aldea ordaintzea planteatzen du. Funtsean, pentsioak urriak direnean osatze aldera eginiko aldaketa izango litzateke.Legebiltzarreko bozketa lehenbiziko urratsa baino ez zen izan. Orain dagokion batzordera igaroko da, eta, lan taldea eratu ondotik, txosten bat prestatuko da. Batzordeak txostena onartzen badu, atzera ere osoko bilkurak gehiengo osoz onartu beharko luke, behin betiko indarrean sartubaino lehen.
Erkidegoko ondasunak banatzeko eskatu du PSEk
Gemma Zabaleta legebiltzarkideak defendatu zuen PSE-EEren ekimena. Zabaletaren irudiko, erkidegoan dauden ondasunak era egokian banatzeko tenorea da, eta horrek oinarrizko errenta «duina» ezartzea exijitzen du. Laguntza horiek jasotzen dituztenak «alferrak eta gaizkileak balira bezala» tratatzea aurpegiratu zion, gainera, hirukoari.
Edukietan sartu gabe, Fernando Maura PPko ordezkariak nahiz Nekane Erauskin EABkoak ontzat jo zuten oinarrizko errentari buruzko eztabaidari berriro heltzea. Gauza bera argudiatu zuen Aintzane Ezenarro Aralarreko hautetsiak, aldeko boza azaltzeko txanda baliatuta.EAJk, EAk eta EBk proposamena aintzat hartzeak ez duela zentzurik defendatu zuten, kontuan izanik Legebiltzarrean badagoela oinarrizko errentaren eredu ezberdinak aztertzeko lan talde bat martxan. Covadonga Solaguren jeltzaleak onartutako neurria alderdiaren filosofiaren aurkakoa dela aldarrikatu zuen: «Ez dugu inoiz gutxieneko soldatarekin berdintzea defendatuko. Ez du zentzurik lanik gabe dagoenak lanean dagoena baino gehiago kobratzea». EBko Kontxi Bilbaok, berriz, «adabaki demagogikoak» bilatzea egotzi zion Zabaletari.
Datua
549,01
Gizarteratzeko oinarrizko errenta 549,01 eurokoa da hilero, pertsona bakarreko bizikidetza unitateetan, eta hamabi sari dira urtean. Alegia, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %87. Gutxieneko soldata 540,9 euro da, baina hamalau sari ditu.
BESTE EKIMENAK
Lan taldea gertu, eta Gizarteratze plana, sukaldean
Gizarteratzeko politikak, oro har, eta oinarrizko errenta nahiz larrialdietarako gizarte laguntzak, batez ere, eztabaidagai izan dira azken hilabeteotan, eta aurrerantzean ere hala izango da. Oinarrizko errenta igotzeko lege ekimenez gain, beste lan talde batek hiritar errenta ereduak aztertuko ditu Eusko Legebiltzarrean. Bestalde, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Gizarteratze plan berria aurten aurkeztu behar du. Egitasmoan larrialdietarako laguntzak aldatzea, eta alokairuak ordaintzeko soldata sortzea aztertzen ari dira, besteak beste.