Legebiltzarrak ez du eskatuko altzarien Renove plana luzatzeko

Ganberak ontzat jo du kontsumoa pizteko laguntzak heldu den urtean jarraitzea, baina ez du sektorerik zehaztu

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
Altzariak erosteko diru laguntzen programa luzatzeko eskaerarik ez egitea erabaki zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. EAJk aurkeztutako ekimena atzera botatzeko, ados jarri ziren PSE-EE eta PP. Altzarien Renove plana urriaren 9an amaitutzat jo zuen Eusko Jaurlaritzak, helburu horretarako onarturik zegoen aurrekontua amaitu eta gero. plana abenduaren 31 arte indarrean segitzeko eskatzen zioten jeltzaleek Jaurlaritzari beren proposamenean.

Legebiltzarkide popularrek eta sozialistek, aldiz, beste zuzenketa bat aurrera ateratzea hitzartu zuten Gasteizko ganberan. Heldu den urtean kontsumoa suspertzeko neurriekin eta Renove planekin aurrera jarraitzeko eskatu zuten, sektore bakoitzak dituen betebeharren arabera.

Antzeko neurriak merkataritzara bideratzeko asmoa badu Gobernuak. Orain dela gutxi aurkeztutako aurrekontu proiektuan, izan ere, hamar milioi euroren diru sailak zehaztu dira horretarako.

Renove plana bertan behera uzteko erabakiarekin kontraesanetan erortzea egotzi zion Industria Sailari Alex Etxebarria EAJko legebiltzarkideak. Haren irudiko, ezin da esan arrakastatsuak izan direla, eta, aldi berean, luzatzeko borondaterik ez izatea.

Diru laguntza horiek abenduaren 31 arte indarrean egongo zirela iragarri zuen Gobernuak. Haatik, soilik urriaren 9a arte egindako salmenten finantzaketa bermatu zuen, eta ordurako onartuta zegoen aurrekontua -bi milioi euro - gainditu zen. Oscar Rodriguez legebiltzarkide sozialistak nabarmendu zuen 170 milioiren salmentak eta 22 milioiren laguntzak eman direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.