Lehen aldiz, inflazioa zero azpikoa izan da Hegoaldean

Maiatzean, prezioek %0,1 egin zuten behera, eta urte arteko inflazioa -%0,3ra jaitsi da Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Hogeita hamaika urte daramatza INE Espainiako Estatitistika Institutuak autonomia erkidegoetako inflazio datuak biltzen, eta inoiz eman gabeko datua jakinarazi zuen atzo: urte arteko inflazioa zero azpikoa izan da Hego Euskal Herrian, iazko maiatzetik aurtengora prezioak %0,3 jaitsi baitira.

Iaztik hona petrolioa prezio erdira jaitsi izanak eragin du, neurri handi batean, jaitsiera hori. Iazko maiatzean, batez beste, 125 dolar balio zuen Brent petrolio upelak, eta aurten, 59 dolar. Azken bi hilabeteotan petrolioa nabarmen garestitzen ari den arren -70 dolarretik gora zegoen antzeko-, maiatzaren neurriko alde handiak ikusiko dira ziur asko hurrengo bi hilabeteotan, erregaiak uztailean jo baitzuen goia, 147 dolarrera iritsita.

Petrolioa merkatuta, iaz baino gutxiago ordainduko da aurten gasolinaren eta gasolioaren truke: zehazki, %24 gutxiago Nafarroan, eta %21 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orain joerari erreparatuta, baliteke udazken aldera iazko prezioaren eta aurtengoaren artean alderik ez izatea, eta orduan hasiko litzateke inflazioa berriro positiboa izaten.

Funcas aurrezki kutxen fundazioak atzo kaleratutako azterketaren arabera, Espainian inflazioa azaroan itzuliko da zenbaki positiboetara, eta 2009. urtea %1,1ekin bukatuko du. Betiere petrolioa ez bada 60 dolarretik behera salerosten.

Bizkaian ez da zerotik jaitsi

Nafarroa martxoaz geroztik zegoen inflazio negatiboarekin, baina orain, Hego Euskal Herri osoa dago, Bizkaia izan ezik (%0), beste lurraldeetan behera egin duelako kontsumo prezioen indizeak azken hamabi hilabeteotan: %1,1 jaitsi da Nafarroan, %0,5 Araban eta %0,2 Gipuzkoan. Azken hilabetean, prezioak %0,3 jaitsi ziren Gipuzkoan, %0,1 Araban eta Bizkaian, eta berdin mantendu ziren Nafarroan.

Gasolina garestitu egin da, eta nabarmen merkatu dira oinarrizko zenbait elikagai: esnea, esaterako, apirilean baino %4,7 merkeagoa da Nafarroan, eta %5 merkeagoa EAEn. Txerrikia eta oilaskoa ere %4 eta %1 artean merkatu dira.

Espainiak ere hiru hilabete daramatza inflazio negatiboarekin. Maiatza -%0,9arekin bukatu du, kopururik txikiena 1961ean INE prezioen bilakaera zenbatzen hasi zenetik. Azpiko inflazioa-elikagai freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituena- beste lau hamarren gutxitu da, %1,3tik %0,9ra. Azken datu horri garrantzi handia eman dio Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak; haren iritziz, datu horrek, deflaziorako arriskurik ez dagoela adierazten baitu. Prezioen jaitsiera jarraia da deflazioa, eta oso arriskutsua da, kontsumoa atzeratzen duelako eta ekonomiaren hazkundea oztopatu.

Deflazioarekiko kezka adierazi du CEOE Espainiako patronalak. Haren arabera, prezioak beherantz ari direnez, enpresaburuek «sekulako ahaleginak» egin behar dituzte kostuak murrizteko. Enpresen lehiakortasunari eutsi ahal izateko soldatak «oraingo egoerara» egokitzeko eskatu du. Hau da, inflazioa negatiboa bada, soldatak ere txikitzea.

Halako neurria ekonomiarentzat kaltegarria izango litzatekeela erantzun diote CCOOk eta UGTk. Maribel Bastelleros UGT-Euskadiko Ekintza Sindikaleko idazkariaren arabera, soldatak igo egin behar dira, familien erosteko ahalmena handitu eta kontsumo horrekin ekonomiari bultzada emateko.



Zenbakia

%1,672

Euriborra, behera. EBZk interes tasak %1ean utzi ondoren, gora egin du Euriborrak. Atzora arte %1,672ra jaitsi zen, eta horri esker, ekaineko batezbestekoa %1,644koa da, maiatzeko berdina, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.