Abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Orpricceren sorrera arautzen duen dekretua. Lehen bilera egin du. Haren aurretik elkarretaratzea egin du ELAk, organoa Rajoyren gobernuak ezarritako lan erreformaren ondorioetako bat dela salatzeko. Dena den, bileran parte hartu dute sindikatuko ordezkariek.
Enpresa batek lan hitzarmenetako baldintzak betetzeari noiz uko egin ahalko dion erabakitzen du organo horrek, eta bere sorrerak polemika eragin du. Jaurlaritzak esan zuen EAEn horrelako erakunde bat osatu ezean Espainiakoen menpe geratuko litzatekeela hitzarmenei buruz erabakitzea.
LABek hasieratik iragarri zuen ez zuela parte hartuko, "patronalak lan gatazken derrigorrezko arbitratzea inposatzeko gaitasuna" izango duelako hari esker. Orpricceren "erabat aurka" dagoela adierazi du ELAk ere, baina haren estrategia guztiz bestelakoa izango da, batzarretara joango baita. "Batzordean parte hartuta helburu bakarra dugu, hitzarmenen jarraipena egitea hasieratik bukaeraraino, eta parte hartzen duten erakundeen jarrera ageria uztea".