Herritarren eta lehen sektorearen arteko tartea handitzen ari dela sumatu dute landa eta itsasertz eremuko ekoizleek, eta, horri aurre egiteko, akordio bat abiatu dute: Nirea. Horretarako, sektoreko eragile garrantzitsuenak elkartu dira: Enba eta EHNE sindikatuak, ENEEK elikadura ekologikoaren kontseilua, arrantzale kofradiak, landa garapenerako elkartea eta Arabako Errioxako upategien elkartea, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak babesa eman dio egitasmo horri; “testigu lana” egingo duela esan du Bittor Oroz Arrantza eta Elikagaien politikako sailburuak. Gobernuak berak konpromiso konkretuak bultzatuko ditu, eta eragile sozioekonomiko gehiago akordioaren barnean sartzeko lan egingo du.
Baina akordioak nola lortuko du lehen sektorearen biziberritzea? Herritarrak euskal produktuak kontsumitzera bultzatuz. Une honetan EAEko BPGaren %1,8 ordezkatzen du lehen sektoreak, eta 33.000 lanpostu sortzen laguntzen du. Egitasmoaren asmoa, beraz, sektore hori mantendu eta indartzea izango da; hala azaldu du Orozek: “Erosleek jakin behar dute nondik datorren produktua, eta, horretarako, ezagutzera eman behar da”.