Lehengaiak mehatxu larri bihurtu dira industriaren hazkunderako

Salmentak bezala, erosketak ere «estrategikotzat» jotzeko aholkatu die Adegik enpresei

joxerra senar
2005eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Azken bi urteetan lehengai metalikoak batez beste %53 garestitu dira, eta petroliotik eratorritako produktuek prezioak bikoiztu egin dituzte. Hornitzaile eta bezero handien erdian, Euskal Herriko industriako enpresa askokgai horien kostuen igoera hori ezin dute tarifara eraman. Hala, askok kostuen igoera hori «irentsi» beste erremediorik ez dute. Horregatik, Jose Maria Ruiz Urtxegi Adegiko idazkari nagusiak atzo ohartarazi zuen egoera mehatxu larri» bihurtu dela industriaren hazkunderako.

Lehengai metalikoez gain, altzairua egiteko beharrezkoa den txatarra %125 garestitu da: «Arazoa da ez dagoela txatarrarik, Txinak jaten du guztia». Labe garaietan erabiltzen den burdin mineralaren prezioa, berriz, %94 igo da. Baina igoera hori ez da hor amaitzen. Petrolioaren prezioa bikoiztu den bezala, antzeko zerbait gertatu da eratorritako produktuekin: plastikoak, kautxu sintetikoa, naylona, material isolatzailea...Horrez gain, gaur gauerdian ezarri dira Espainian eta Hego Euskal Herrian gas naturalaren tarifa berriak, eta, iazko apirilaz geroztik industriako enpresek ohikoa dutena %56 garestitu da. 1993az geroztik, gas naturala EAEko industria kontsumoaren %22 izatetik ia bikoiztera pasatu zen (%44), eta, horregatik, «orain asko eragiten du». Hori da argazki orokorra eta hainbat arrazoi ezkutatzen dira egoera horren atzean. Juan Antonio Muguruza lehengaiei buruzko azterketaren egilearen arabera, erlazio zuzena dago prezioen igoeraren eta 2003tik munduan izan den susperraldi ekonomikoaren artean. Adierazgarria da, batez ere, Txinaren kasua.%9tik gora hazten ari da urtero, eta lehengai gose aseezina du. Ekoizle handia da, baina guztia kontsumitzen du, ez du ezer esportatzen eta «inportatzaile garbia» da.Txinaz gain, zenbait funtsek petrolioaren eta lehengaien merkatuetan jarduten dute, eta prezioen igoeren alde apustu egiten ari dira «merkatuak are gehiago berotuz». Muguruzaren iritziz, dolarrak behera egiten duenean, diru merkatutik atera eta inbertsiogileok babesa beste aktibo horietan topatzen dute.Zenbait lehengaietan ekoizle gutxi daudela nabarmendu du Muguruzak. Burdin mineralaren kasuan, adibidez, hiru konpainiek hornikuntzaren %70 kontrolatzen dute, eta «prezioetan eragiteko gai dira». Petrolioarekin gertatzen den bezala, meategi asko dena ematen ari dira, eta enpresek ez dute behar beste inbertitzen ahalmena handitzeko. Era berean, metal askoren biltegiak «minimo historikoetan daude, mundua astebetez hornitzeko adina soilik».

Gomendioak enpresei

Garestitzeak bete-betean eragin die enpresei. Horregatik, salmenten modura, erosketak «estrategikotzat» hartzeko gomendatzen die. Gaiak beti bezero berari erosi beharrean, nazioarteko merkatu osoa kontuan hartzeko aholkatzen die, «interesgarria» izan daitekeelako. «Ez dugu esaten kanpoan erosteko, nazioartea aztertzeko baizik. Informazio guztia interneten dago», zioen Urtxegik. Euskal enpresen artean lankidetza harremanak egitearen alde azaldu zen, hornitzaileekin negoziatzeko eta indar gehiago egiteko. «Aholkatzea erraza da, baina ez da erraza, enpresa horiek elkarrekin lehiatzen baitute», gaineratu zuen Urtxegik.

Datorren urtean prezioak ez direla gehiago haziko baina garesti jarraituko dutela aurreikusi zuen Adegik. Hori betetzeko, Txinako ekonomia moteldu egin beharko litzateke, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.