Leon erregea falta

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Dela Baionara bidean zelako, dela aurreko egunetako jai giroagatik, nekea igarri zitzaien atzo gure indizeei. Baionako festa giroa ez zen gure akzio azokan hezurmamitu. Indizeak doi-doi eutsi zion bezperako mailari, nahiz eta hiriko giltzen jabe izan ohi den Santander (-%1,15) erraldoiak mozkin ikusgarriak plazaratu zituen: lehen seihilekoan mozkina %5 baino ez zaio gutxitu, eta, krisi egoeran ere, 4.519 milioiren irabazi garbia lortu du. 2.502 milioiren akzioak salerosi ziren Ibex-35eko (-%0,02) akzioetan, eta horietatik 786 izan ziren Botin buru duen bankuarenak. Gaur, burtsako beste erraldoiaren, Edurnezuriren (+%0,09), txanda da. 17,5 eurora gerturatu da jada, eta beroaldia mozkin onen iragarle izan liteke. Zapi gorrietan gorrienak Arcelorrek (-%4,62) eta %2na pasa galdu zituzten Renovables eta Gamesak jantzi zituzten atzo. Red Electrica eta BBVAk egin zuten, %2na pasako irabaziekin, Baiona Ttipirako sartu-irten alaia.



FCCk (+%0,46) 96 milioi irabazi ditu ekaina bitartean, iaz epe berean baino %53 gutxiago. Espainian porlan salmenta %30 jaitsi dela-eta gertatu da hori. Cementos Portland Valderribas filialak, ordea, bigarren hiruhilekoan hobekuntza sumatu du, lehenarekiko.



Fenosa argindar enpresaren %35 Gas Naturali (+%0,77) salduta, aurtengo lehen seihilekoan 1.542 milioi irabaztea lortu du ACS (+%0,67) eraikuntza eta zerbitzu enpresak; iaz epe berean baino %73 gehiago. Iberdrolan (+%0,17) sendotzeko balia lezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.