Lezamako tren istripua berriro gerta daiteela ohartarazi dute

ELA, LAB eta ESK sindikatuek diotenez, Euskotrenek ez du segurtasuna hobetzeko neurririk hartu

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2010eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Iazko urriaren 8an Euskotreneko tren batek Lezaman (Bizkaia) izandako istripua berriz gerta daitekeela ohartarazi dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Istripua zerk eragin zuen «ezkutatzea» eta gertatutakoaren ardura bere gain ez hartzea aurpegiratu diote Euskotreni. Izan ere, sindikatuon arabera, konpainiak ez du segurtasun neurririk hartu: «Ez dugu inor beldurtu nahi, baina berriro gerta daiteke. Istripua izan aurreko egunean bezalako segurtasuna dute makinek».

Lezamako geltokiko murruaren aurka jo zuen trenak urrian, eta ondorioz, gidaria zendu egin zen. Tren hark ez zuen galgatze automatikorako sistemarik; sindikatuek gogorarazi dutenez, Euskotreneko Langile Batzordeak hamar urte daramatza segurtasunerako inbertsioak eskatzen, eta horien artean, galgatze automatikorako sistemak du lehentasun handien. «Garraio publikoak eta trenbide sareak inbertsioak behar dituzte. Pertsona bati gerta dakiokeenaren mende funtzionatzen duen sistema bat ezin dugu eduki, hori saihesteko teknologiarik baldin badago», esan dute.

Asteartean, epaiketa

Istripuaren hurrengo egunean Euskotreneko Langile Batzordeak deitutako mobilizazioek ere zeresana eman dute. Tren gidariaren heriotzagatik dolu gisara eginiko egun osoko lanuztea legez kanpokotzat jo zuten konpainiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hala, Langile Batzordeko kideak zigortzea ebatzi zuten, besteak beste, hiru urtez kategoria galtzera. Sindikatuen iritziz, «neurriz kanpokoak» dira zigorrak: «Lan istripuek mina eragiten dute, egunotan Petronorren edo Tubacexen ikusi dugun bezala, baita Belgikako tren istripuaren ondoren ere. Elkartasun ekimena legez kanpoko bihurtu nahi du enpresak».

Izan ere, mobilizazio haien legezkotasuna epaituko da asteartean Bilbon. Horren aurka protesta egiteko, Euskotreneko langileek lanuztea egingo dute 11:00etatik 13:00etara, eta sindikatuek ohartazi dute ez dutela gutxieneko zerbitzurik onartuko. Halaber, bilkurak egingo dituzte Donostia, Gasteiz eta Durangon (Bizkaia), eta manifestazioa Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.