Fagor Etxetresnak

Likidazio plana aurkeztu dute administratzaileek, eta 15 eguneko epea du epaileak plana onartzeko

CNAk (Cata bere barnean duen taldea) 16 milioi euro eskaini ditu Garagartza (Arrasate) eta Eskoriatzako lantegiak erosteko eta 500 lanpostu sortzeko.

Fagorren Arrasateko lantegia. XABIER MARTIN
Iker Aranburu - Xabier Martin
2014ko apirilaren 10a
07:47
Entzun

Fagor Etxetresnak eta haren filialak likidatzeko prozesuak beste urrats bat bete du. Kooperatibaren konkurtsoaren administratzaileek likidazio plana aurkeztu dute Donostiako Merkataritza arloko epaitegian. Hamabost eguneko epean erantzun bat eman behar du Pedro Malagon epaileak, eta baiezkoa bada, Fagor Etxetresnen aktiboak erosteko eskaintzak egin ahal izango dituzte interesa duten enpresek.

Batzuek ez dute epea zabaltzeko itxaron. Kataluniako CNAk eskaintza egina duela jakinarazi zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak. CNAk (Cata bere barnean duen taldea) 16 milioi euro eskaini ditu Garagartza (Arrasate) eta Eskoriatzako lantegiak erosteko eta 500 lanpostu sortzeko. Eskaintza hori "likidazio prozesua bizkortzeko" egin zuela azaldu zuen Tapiak, haren iritziz, oso motel baitoa. 

Aurreko astelehenean Jaurlaritzarekin elkartu ziren Catako ordezkariak, eta likidazioari itxaron gabe eskaintza ofizial egingo zutela esan zioten. Pedro Malagon kudeatzen ari den konkurtsoa nahi baino "motelago" doa balizko inbertitzaileentzat, "markak egunetik egunera kaltetzen ari direlako". Hala, Cevitalek Frantziako marken truke egindako eskaintzaren ostean, Gipuzkoako aktiboen truke egindako lehen eskaintza iritsi da Malagon epailearen bulegora. "Epaileak argi ikus dezake orain borondate irmoa dagoela Garagartza eta Eskoriatzako jarduerarekin jarraitzeko", esan zuen Tapiak.

Sailburuak badaki Sauter, De Dietrich, Vedette, Brandt eta Easycook behar dituela Cevitalek Frantziako adarraren zati garrantzitsuena 100 milioi ingururen truke erosteko, eta marken salmenta Malagonen esku dagoela. Gaur amaituko da Nanterreko epaitegiak emandako epea auzi hori argitzeko. Gero, likidazioarekin hasiko da. Oraingoz ez da berririk iritsi, ordea, Malagonen bulegotik. 25 milioiko eskaintzari ezetz esan zion, eta erabaki horren aurka jarritako bi helegiteei ez die erantzun epaileak; Malagonek 35 eskatu zizkion Aljeriako taldeari, eta ordutik blokeatuta dago Fagor Ireland marken gordailuaren salmenta.

Eskaintzak Bergara eta Basaurirentzat

Badira arrazoiak pentsatzeko azkenean Cevitalek Frantziako markak lortzen ez baditu CNAk Gipuzkoako lantegien truke egindako eskaintza kolokan geratuko litzatekeela, eskaintza hori Cevitalen korapiloa askatzeko ere egindakoa izan daitekeelako. Aste honetan bertan egin izana, Nanterrek emandako epearen barruan alegia, horren erakusle litzateke. Frantzia eta Gipuzkoako aktiboen zati handi bat erosteko saio handi bat egongo litzateke martxan, eta plan horren urratsa litzateke CNAren eskaintza. Nanterreko Auzitegiak bihar aztertuko du auzia, eta ebazpen bat emango du gero, astelehenean edo asteartean, sindikatuek AFP agentziari esan diotenez. 

Edonola ere, Tapia baikor azaldu zen likidazio prozesuari begira, CNA eta Cevitalen arteko "balizko enkante bat" posible dela aurreratu baitzuen (Eskoriatza eta Garagartza eskuratzeko), eta eskaintza gehiago iritsi daitezkeela uste du, gainera, "Bergarako plantaren truke, baita Basaurikoaren truke ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.