Likidezia ziurtatzea izango da Kutxaren 2011ko erronka

Pasiboaren gerra arretaz aztertuko du, negozioa eta marjinak hazteko aukeretan aldaketak eragin ditzakeelako

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ez zen ustekaberik izan. Aurreikusitakoa bete zuten atzoko Kutxaren Ohiko Batzar Nagusian. Bilkuraren helburua datorren urterako aurrezki kutxaren jarduteko lerro nagusiak onartzea zela azaldu zuten hasi aurretik, eta proposatutako guztia onartu zutela argitu zuten bukatu ostean.

Hala, egiturazko likidezia maila jakin bat ziurtatzea izango da Kutxarren datorren urteko erronka. Gutxieneko maila hori bermatuta izateko, hileroko diru sarrerak ziurtatu beharko ditu Kutxak. Eta eskura dituen baliabideak egoki erabiltzen asmatu beharko du horretarako. Likidezia era dinamiko eta dibertsifikatuan kudeatzea, eta epe motzerako eta luzerako finantzaketa bideen arteko oreka lortzea dira likidezia ziurtatzeko formuletako batzuk.

Bezeroei finantzaketa eskaintzeko baliabidez hornitzea eta kaudimen mailari eustea ere jarri ditu helburu gisa. Basilea III deituriko erreformak ekarriko dituen arau berrietarako prestatzeko lehen urratsak izango direla uste du erakundeak. Haiek banaka erabiltzen zein elkarren artean konbinatuta erabiltzen ere ikasi beharko du. Ahalik eta formula eraginkor gehien topatzea izango du xedea; zenbat eta bide gehiago aukeran jarri, orduan eta baliabide gehiago jasotzeko aukera izango dugu.

Pasiboaren gerraren nondik norakoak arretaz aztertzeko konpromisoa ere hartu du Gipuzkoako aurrezki kutxak. Beharrezkoa irudituz gero, lehia horrek baldintzatutako agertoki berrian negozioa hazteko eta finantza marjinak handitzeko aukerak aztertzeko prest legoke erakundea.

Horiez gain, negozioa dibertsifikatzen jarraituko du, kalitatezko zerbitzua ematen eta bezeroen leialtasuna sustatzen. Lan taldea etenik gabe prestatzeko ekimenarekin jarrituko du, gainera, eta eguneroko gastuak murrizteko neurri berriak ere hartuko ditu.

Banatuzen eskari bakarra

Beste hainbat proposamenekin batera, etxebizitza sozialen inguruan egitasmo bat martxan jartzeko eskaera igorri zion Banatuzek Kutxako Batzarri. Hain zuzen, proposamen guztietatik hori besterik ez zen iritsi atzoko batzarreko gai ordenera, baina espero zen gisan, ez zuen aurrea egiteko nahikoa babes lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.