Kaleko putzuetara begira kontrakoa badirudi ere, udazkena lehorretik dator. Eta lehorrerako joera izango dute bankuen kontuek ere, Europako Banku Zentralak iragarri baitu gutxi falta zaiola mugagabeko likideziaren iturria ixten hasteko. Finantza munduetan 2007an hasitako ekaitza baretu delakoan, bankuak berriro beraien kasa igeri egiteko moduan daudela uste du Trichetek. EBZko presidenteari arrazoi eman nahian edo, BNP Paribas (+%3,29) Frantziako bankurik handienak 1.311 milioi euroko irabaziak iragarri zituen atzo. INGk galdutakoa berreskuratzen jarraitzen du (%3,4) eta Santanderrek (%1,1) eta BBVA (%0,79) ere aste osoan utzitakoaren zati bat berreskura zuten. Bankuek ez ezik, oro har merkatuek oso ongi jaso dute Tricheten mezua, azken hilabeteotako baikorrena, eta espero dute datorren astean iragarriko dutela euroaren eremua atzeralditik aterako dela. Baina aldeko haizea Mantxako itsasartean geratu zen, Ingalaterrako Bankuak erabaki baitu beste 25.000 milioi liberako bonoak erosiko dituela, ekonomian likidezia handitzeko.Izan ere, haren datuek diote Erresuma Batuan atzeraldian jarraitzen dutela.
Abengoa (+%6,07) andaluziarrak irabaziak %24 handitzea lortu du, eta merkatuetan saria jaso du. Eraikuntza eta bioenergia atalei esker lortu du mozkina, haren ingurumen filiala -Erandioko Befesa (-%3,55)- iaz baino %40 gutxiago irabazten ari delako aurten. Iaz Barakaldon lur zati bat saldu izana da azalpenetako bat, eta hondakin gutxiago dituela tratatzeko bestea.
Likido gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu