Gipuzkoa ez da ari espero adina diru biltzen zergetan. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioa egitean, beraz, posible da Diputazioari dirua itzuli behar izatea. Kopurua hamar milioi ingurukoa izan daitekeela dio Pello Gonzalez Ogasun diputatuak.
Urtero diru kopuru bat aurreratzen die diputazioak udalei. Aurrekontuetan bilduko duten diruaren kalkulu bat egiten da, eta horren arabera finkatzen da kopurua.Gero, urte amaieran, likidazioa egiten da, benetan jaso denarekin konparatuta. Urrian, udalek ez zutela ezer itzuli beharrik izango esan arren, hilabete etaerdi beranduago guztiz aldatu da egoera.
Dirua itzuli behar izateak are gehiago zailduko luke lehendik ere zaila den udalen egoera ekonomikoa. Azken bi urteetan 154 milioi bueltatu behar izan dizkiote Diputazioari -54 milioi 2008an, eta ehun milioi iaz-. Oraindik zor dute zati bat, 2013 arteko epea baitute. Hain zuzen, aurtengo likidazioaren berezitasuna hori izango da: berehala itzuli beharko dutela dirua.
Hazkunde erritmoa, hautsita
Martxoan hasitako hazkunde erritmoa urrian geratu egin zela ere azaldu du Ogasun diputatuak. «Horrek susperraldia uste baino motelagoa izango dela pentsarazten digu. Sigi-saga formako bilakaera izango du».
Diputazioak egindako txosten baten arabera, urrian aurreko urtean baino %12 gutxiago saldu dute Gipuzkoako enpresek: %31 gutxiago eraikuntzan, %13 gutxiago industrian eta %5 gutxiago zerbitzuetan. «Barne merkatuko emaitza txarrak» aipatu ditu beherakadaren arrazoitzat. Alabaina, urte osoko datuak kontuan hartuta, %3,3 igo dira enpresek egindako salmentak. Esportazioek eragin dute neurri handi batean igoera, iaz baino %21 gehiago saldu baitute atzerrian.
Aitor Orena zerga politikako zuzendariak aditzera eman duenez, Espainiako Gobernuak proposatutako neurriek ez dute eraginik izango Gipuzkoako ekonomian. Besteak beste, enpresa ertain eta txikiei egiten zaizkien kenkari fiskalak Gipuzkoan indarrean daudelaadierazi du.
Litekeena da Gipuzkoako udalek hamar milioi itzuli behar izatea Diputazioari
Ekonomiaren susperraldia uste baino motelagoa izango dela aitortu du Pello Gonzalez diputatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu