Indartsu, bizi eta txaloen zain egon gabe, Lizaso zaharraren kasta bertsuz, berau agurtu nahi balu bezala jokatu zuten atzo Bilboko akzio azokek. Goian bego. 8.000 puntuetara begira dago Ibex-35 eta petrolioa 47 dolarren bueltan egonkortu da. Igoerak errimatzeko berebiziko erraztasuna erakutsi zuten Europako indizeek eta Dow Jonesek ere jarri zuen bere aletxoa arratsaldean. Bertsolaritzaren G-20 bat galdu zen egunean, Londresko G-20ari begira zen Geithner, AEBetako Altxorreko burua, itxaropentsu. Eta EBZk, ezusteko handirik ezean, interes tasak jaitsiko dituen egunaren bezperan, 2.271 milioiren salerosketa izan zen: %3na pasa igo ziren bi banku handiak, 750 milioitik gora mugituz; Edurnezuri (+%0,53) apalago ibili zen, 574 milioirekin. Doinu luzean, Sacyr (+%7,41) luzitu zen gehien. Poto nabarmena, ia bakarra, Criteriarena (-%3,7) izan zen eta, koplak, galera txikiak, Bankinter, Endesa eta Red Electricarenak.
BBVA.S&P rating etxeak BBVA (+%3,44) eta Europako beste 59 finantza entitateren lehentasunezko zorraren kalifikazioa jaitsi du; tartean Espainiako zortzi finantza erakunde eta Frantziako sei badira. Hala nola Santander (+%3,85), BNP Paribas (+%5,72), Credit Agricole (+%2,77), Caisse d´Epargne eta Ibercaja. Rating etxearen ustez, berezko baliabide premiak behartuta, litekeena da erakundeok dibidenduak gutxitu eta lehentasunezko zorrari denbora batez ordaindik ez ematea. Handizkako merkatuan ez dago egun zor mota horren salerosketarik.
Lizasotarren kasta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu