Loiuko aireportuak 600.000 bidaiariko muga gainditu du

Uztaila izan da lehen aldia hilabete bakarrean zenbaki horretara heldu dena. Trafikoak gora egin du Hondarribia, Foronda eta Noaingo aireportuetan ere; behera, ordea, Miarritzen.

Hegazkin bat aireratzen Loiuko aireportuan. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 12a
07:25
Entzun

Iazko uztailarekin alderatuta, %8,5 igo da bidaiari kopurua Bilboko aireportuan; 603.139 pasaiari, guztira. Loiuko aireportuaren historian lehen aldia da 600.000 bidaiariko muga gainditzen dena hilabete bakar batean. Datu horrek jarraipena ematen dio aireportuak urte osoan daraman bilakaerari, bidaiari kopurua %9 hazi baita urteko lehen zazpi hilabeteak 2018. urtekoekin alderatuz gero.

Bilboko aireportua ez da Euskal Herrian zenbakiak hobetu dituen bakarra. Uztailean, 32.933 bidaiarik erabili zuten Hondarribiko aireportua, lehengo urtean baino %14,1 gehiagok; Noaingoa, berriz, 25.047 pertsonak, %16,3 gehiagok; eta Forondakoa 17.565 pasaiarik, %51 gehiagok. Arabako aireportuak izandako hazkunde nabarmena, hein handi batean, apirilaren 25etik 24 orduz zabalik egotearen ondorioa da. Etorkizunean bilakaera positibo hori mantentzea da erronka. Baliteke Forondako bidaiari kopuruak behera egitea Ryanair hegazkin konpainia irlandarrak bertan behera uzten badu Gasteiz eta Tenerife Hegoaldea lotzen dituen hegaldia. USO sindikatuak aurreko astean jakinarazi zuenez, Ryanairrek urtarrilaren 8an itxiko du Tenerifen duen hegazkin basea.

Miarritzeko aireportua da zenbakiek gora egin ez duten Euskal Herriko aireportu bakarra. Bidaiarien joan-etorriek %2 egin dute behera aurtengo uztailean; 2.500 pasaiari gutxiago. Lehen zazpi hilabeteak kontuan izanez gero, nabarmena da beherakada —aurreko urtean baino 60.000 bidaiari gutxiago izan dira—, baina kontuan izan behar da otsailean hilabetez itxi zutela aireportua, pistan berrikuntzak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.