Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak su-etena proposatu dio David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari. Azken horrek Europako Batasuneko ituna berritzeari betoa ezarri arren, Merkelek iradoki du ez dutela erabat baztertuko eta EBn jarrai dezan saiatuko direla. «Zalantzarik gabe, Erresuma Batua giltzarria da EBn. Lankide fidagarria da, ez soilik kanpo politikan eta segurtasunean, baita beste hainbat gaitan ere: lehiakortasunean, barne merkatuan, merkataritzan, ingurumenaren babesean».
Adierazpenok Alemaniako Parlamentuan egin zituen, joan den asteko goi bileraren emaitzen berri emateko saioan. Londresekin ez haustearen alde azaldu eta hura gabe aurrera ez egitea «arduragabea» izango litzatekeela esan du Merkelek. Krisia ez dela berehalakoan amaituko onartu du, baina bileran erabakitakoek euroak sorreratik izan zituen akatsak konpontzeko bidean jarri dituela. «Batasun fiskalerako oinarriak jarri dira», haren esanetan, eta batasun politiko eta ekonomiko handiagoa ekarriko du horrek.
Haren hitzek merkatuen —eta Europako Batzordearen— espektatibak apaldu dituzten arren, Merkelek berretsi egin du estu dabiltzan herrialdeei laguntzeko erreskate funtsak ez dituztela handituko, eta asko jota 500.000 milioi euro izango dituztela.
Horren ordez, Merkelek nabarmendu du EBko banku zentralek Nazioarteko Diru Funtsari utziko dizkioten 200.000 milioi euroekin «gauza asko» egin daitezkeela. Haatik, ez dago garbi azkenean NDFk dirua jasoko ote duen. Erresuma Batuak auzitan jarri du eskatu zaizkion 30.000 milioi euro jartzeko aukera. G20 taldearen bileran, Cannesen, Cameron prest azaldu zen diru gehiago jartzeko, baina gogorarazi zuen asko jota 47.000 milioi euro jar ditzakeela aurten. Horietatik 35.000 milioi jadanik aginduta daudenez, beste 12.000 milioi baizik ez zaizkio geratzen, Westminsterko Parlamentuak gehiago jartzea onartu ezean. Cameronek, ordea, ez die orain diputatuei diru gehiago eskatu nahi.
Hori ikusita, Jens Weidmann Bundesbankeko presidenteak ohartarazi du berak ez duela diru gehiago jarriko «AEBek edo beste emaile garrantzitsuek» laguntzen ez badute. Bundesbankek 43.000 milioi jarri behar zituen.
Londresi keinua egin dio Merkelek, «lankide fidagarria» dela esanda
Erresuma Batuak NDFri diru gehiago uzten ez badio berak ere ez duela utziko ohartarazi du Bundesbankek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu