Lopez: «Zer nahi du Espainiak, kontu orekatuak ala murrizketak?»

Espainiak mehatxu egin dio Jaurlaritzari, murrizketak aplikatzen ez baditu ez diola utziko zorra jaulkitzen

Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak uste du Espainiako Gobernua krisia murrizketak egiteko eta «autogobernua desegiteko» baliatzen ari dela. Espainiako Ogasun Ministerioaren gutun bat jaso du, Eusko Jaurlaritza hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan murrizketak onartzera behartzeko. Espainiako Gobernuak mehatxu egin dio: onartzen ez baditu, «neurri hertsagarriak» hartuko ditu, Eusko Jaurlaritzari zorpetzea debekatzea, esaterako. «Zer nahi du Espainiak, guk aurrekontu orekatuak edukitzea edo Euskadin murrizketak inposatu?», galdetu zuen atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Efe agentziari eskainitako elkarrizketa batean.

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Espainiako Gobernuak hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan onartutako zenbait murrizketa indarrean jartzeari: irakasleek ordu gehiagotan lan egitea, atzerritarrei osasun txartela kentzea... «Ez baitituzte arazoak konpontzen, murrizketak egoera okertzen ari baitira», Lopezen esanetan. Murrizketa horiek gabe ere defizita gutxituko duela uste du: barne produktu gordinaren (BPG) %1,3 aurten.

Espainiako Gobernuak, hala ere, murrizketa horiek egitera behartu nahi du, eta aurtengo finantza plana aldatzeko eskatu zion maiatzean, gutun baten bitartez. Egiten ez badu, aurtengo bigarren erdiko zor jaulkipenak debeka ditzake. Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari onartu zion aurten mila milioi euroren zorra jaulkitzea. Oraindik 500 milioi euro falta zaizkio.

Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalera jotzeko prest dagoela murrizketen kontra, bere eskuduntzak urratzen baititu. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo argitu zuen murrizketen kontrako helegiteak aurkeztu aurretik, negoziatu egin nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.