Fiskalitatea eta enplegua zuzenean lotu zituen Patxi Lopez lehendakariak politika orokorreko eztabaidan. Ondasunen gaineko zerga berriro indarrean jarriz gero, diru bilketatik gobernuari dagokion partea osorik enplegua sustatzeko erabiliko dutela agindu zuen Lopezek, eta konpromiso bera hartzeko eskatu zien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei.
Espainian hartutako erabakiari jarraituz, 2008ko abenduan ondasunen gaineko zerga bertan behera uztea erabaki zuten Arabak eta Bizkaiak, eta urtebete geroago egin zuen Gipuzkoak. Indarrean egondako azken urtean 181 milioi euro bildu zituen. Bilketa orokorretik %70 Jaurlaritzari dagokionez, 126 milioi euro eskuratuko lituzke enplegu politikak finantzatzeko.
Ondasunen gaineko zerga berriro martxan jartzea onartu berri du Espainiako gobernuak, azken erabakia erkidegoetako gobernuek izango badute ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak badute eskumena euren kabuz indarrean jartzeko. Orain arte, PSE-EEk eta Bilduk alde egin dute, eta, ñabardura batzuekin, atea ireki du EAJk, «aldundien arteko akordioa badago». PP da, oraingoz, kontrako jarrerari eusten dion alderdi bakarra, hala Euskal Herrian nola Espainian.
Zapateroren gobernuak zergak gutxitzeko hartu zituen neurriak kritikatu zituen Lopezek —«Ez nago zerga jaitsiera ezkerrari lotzearen alde, ez da egia», esan zuen—, baina alde batera utzi zuen ondasunen gaineko zerga kentzeak PSE-EEren oniritzia izan zuela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, edo sozialisten ekimenez martxan jarri zela 400 euroren kenkaria zergapeko guztiei. Jendaurrean egitura fiskalari buruzko eztabaida ireki duen «lehen» politikaria izan dela esan zuen Lopezek; ondoren, EBk eta Aralarrek gezurtatu zioten aldarrikapena.
Iruzur fiskalari aurre egiteko plan bateratu bat eskatu zien aldundiei, eta zenbait datu eman zituen arazoaren tamaina azpimarratzeko. Esaterako, urte bateko iruzurrak hezkuntza sistema osoak bezainbesteko kostua duela adierazi zuen: 1.800 milioi euro baino gehiago. Sektore zehatz batzuk ere salatu zituen: «Profesionalek eta enpresaburu txikiek aitortzen duten errenta soldatapekoena baino %40 txikiagoa da. Nork sinesten du hori?». Euskal gehiengo sindikalak aspaldi egindako salaketa da hori.
Iruzurraren inguruko irakurketak aurrez aurre jarri zituen Lopez eta Joseba Egibar EAJko bozeramailea. Egibarrek gogorarazi zuen datuak alderatzeko akordio ugari egin dituztela foru ogasunek. «Kontrolik gabeko iruzurra dagoen ustea zabaldu nahi dela dirudi», kexatu zen. Iruzurraren aurkako konpromiso falta egotzi zien Lopezek jeltzaleei.
Oposizioko alderdi batzuek eskatu bazioten ere, Zergak Koordinatzeko Organora eraman duen proposamenari buruz xehetasunetan ez zen sartu Lopez. Hori bai, kenkari guztiak berrikusi behar direla esan zuen, zuzenean aipatu gabe baina etxebizitza inbertsioari dagokiona barne. «Gizarteari onurarik ekarri ez dizkioten kenkariak daude, baina bai etekinak eman dizkietenak finantza erakundeei». Azkenik, egitura fiskalari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramatea eskatu zuen, arautzeko eskumena aldundiek eta batzar nagusiek badu ere eta argazki politiko osoa oraindik islatzen ez duen ganbera bada ere.
Gastu murrizketak
Diru sarrerak espero baino txikiagoak izango direla eta Rover auziko dirua itzuli beharko dela ohartarazi zuen lehendakariak, eta aurrekontuetan murrizketak datozela iragarri zuen, zenbakirik eman gabe. Gastua eta diru laguntzak jaitsiko direla jakinarazi zuen, baita inbertsioak atzeratuko dituztela ere. «Premiazkoa eta beharrezkoa ez dena beste aurrekontu batzuetarako utziko dugu».
Eusko Legebiltzarra. Osoko bilkura
Lopezek agindu du ondasunen gaineko zergarekin enplegua sustatuko duela
Gastu murrizketa gehiago iragarri ditu, eta eztabaida fiskala Eusko Legebiltzarrera eramatea eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu