Aurrera egin du Hego Euskal Herriko administrazioen autonomia ekonomikoa kolokan jarriko duen proposamenak. Etzi bozkatuko dute Espainiako Konstituzioaren erreforma Kongresuan, administrazioak aurrekontu orekatuak egitera behartzeko eta defizit mugatu bat errespetatzera behartzeko. Hego Euskal Herriko erakundeak ere behartuko dituzte, eta Madrilen baimena beharko dute defizitaren eta zorraren mugak urratzeko. Nahi dituzten zenbait politika aurrera ateratzeko, finean.
Kongresuak aintzakotzat hartu eta PSOEren eta PPren proposamenak aurrera egin du. UPNren babesa baino ez dute lortu. Kontra egin dute EAJk eta Nabaik. Baita ERCk, ICVk, BNGk eta IUk ere. CiUk eztabaidan parte hartu zuen, baina uko egin zion bozkatzeari. CCko bi diputatuak abstenitu egin ziren. 318 diputatu alde, 16 kontra eta bi abstentzio. Alderdiek bihar 14:00etarako aurkeztu beharko dituzte zuzenketak —lege arruntetan epea hamabost egunekoa da—, eta erreforma etzi bozkatuko dute Kongresuan. Gero Senatura pasako da. Defizitaren eta zorraren muga zehatzak lege organiko baten bidez ezarriko dituzte.
33 urtean behin bakarrik aldatu dute Espainiako Konstituzioa. Orain presaka aldatu nahi dute, Europako agintariek behartuta; merkatuak lasaitzeko; abuztuan, presazko prozeduraren bitartez; lege arruntena baino prozedura arinagoarekin; hauteskundeen atarian; PSOEk eta PPk soilik negoziatuta, kanpoko iritzirik gabe; goizaldean hitzartuta; eta herri galdeketen beldur.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat bermatu egin da erreforma ez dela itxia izango, eta garai zailetan administrazioek baimendutakoa baino gehiago zorpetu ahal izango dutela, salbuespenei esker. 135. artikuluak hiru salbuespen onartzen ditu egiturazko defizita eta zorra gainditzeko: «Natura hondamendiak; atzeraldi ekonomikoa; edo estatuaren kontrola gainditzenduten aparteko larrialdiak, estatuaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala kaltetzen dutenak, gertatzen badira».
Madrilen baimena
Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat salbuespenek autonomia erkidegoen erabakitzeko ahalmena babesten du. Lopezek, ordea, ez zuen aipatu administrazioek baimendutakoa baino defizit edo zor handiagoa izateko Espainiako Kongresuko gehiengo osoaren baimena behar dutela. Aukera horrek kolokan jartzen du Hego Euskal Herriko erakundeen autonomia fiskala eta zorpetzeko ahalmena.
EAJk erreformaren kontra bozkatu du, «ez defizita eta zorra kontrolatzearen kontra gaudelako, baizik eta kudeaketa onaren arauak arau itxi bihurtu eta botere publikoen jarduera mugatzearen kontra gaudelako».
Josu Erkoreka EAJren bozeramaileak PSOEri eta PPri leporatu die erreforma tekniko baten mozorropean erreforma benetan ideologiko bat egin nahi izatea, «ziurrenik Europan egin daitekeen erreforma ideologikoena». EAJrentzat proposamenak argi eta garbi erakusten du «botere publikoek gizartean eta ekonomian izan behar duten funtzioaren ikusmoldea».
Erreformak nabarmen eragingo du Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, diputazioen eta udalen aurrekontu eta diru politiketan. Hala ere, erakunde horiekin ez dutela hitz egin salatu zuen Erkorekak. Baita ez dituztela deitu erakundeen arteko koordinazio batzordeak ere. EAJk zuzenketak aurkeztuko dizkio Konstituzioa aldatzeko asmoari. Gaur azalduko ditu xehetasunak.
Erkoreka beldur da erreforma lehen urratsa baino ez dela izango «aurrerago pixkana-pixkana Estatuaren egitura deszentralizatua higatzeko etaautonomien koska ezabatzeko».
Uxue Barkos NaBaiko diputatuarentzat harrigarria da Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak erreformaren alde egitea, «jakinda Nafarroaren autonomia fiskalean esku hartzen duela». Barkosentzat erreforma «onartezina» da, bai edukiengatik, bai onartzeko moduagatik.
Onena, adostasuna
UPNk ez zion kritikarik egin egitasmoari. Carlos Salvador diputatuarentzat erreformaren onena PSOEren eta PPren arteko akordioa da. Bi alderdiei akordio gehiago eskatu zizkien, «etorkizuna oso gogorra eta konplexua izango baita».
Sozialisten arduradunek argi eta garbi onartu dute merkatuak lasaitzeko behartuko dituztela administrazioak aurrekontu orekatuak egitera eta Europako defizit mugak ez gainditzera. Jose Antonio Alonso PSOEren bozeramaileak atzo bertan esan zuen erreforma presaka hitzartu eta onartu nahi dutela, Espainiaren zor publikoaren arrisku sariaren egoera «eutsiezina» delako.
Erreforma Europako Banku Zentralaren (EBZ) agindua dela esan zion Joan Ridao ERCko bozeramaileak. «Herriaren burujabetzatik finantza sistemaren burujabetzara pasa gara», salatu zuen, ildo beretik, Gaspar Llamazares IUko bozeramaileak.
Merkatuei begira bai, baina bide erdian geratu direla uste du Erkorekak, eta ez da nahikoa izango Espainiak merkatuei konfiantza transmititzeko, «administrazioei bi eskuak beharrean bakarra lotzen baitie».
«Erreformarekin», jarraitu zuen Llamazaresek, «kolpea eman diozue Konstituzioari eta bahitu egin dituzueherritarren borondatea eta autonomia erkidegoen politikaren autonomia eta finantza sistema».
Alderdi gehienek herri galdeketa egiteko eskatu zieten PSOEri eta PPri, baina ez dute eskaera aintzat hartu. M-15eko haserretuen mugimenduko ehun bat lagunek protesta egin zuten Kongresuaren kanpoan, polizia ugariren zaintzapean, herri galdeketa eskatzeko.
CiUk erreforma proposamena kritikatu zuen, baina ez zuen kontra bozkatu. Kexu zen, batez ere, PSOEk eta PPk alderdi txikiagoak aintzat hartu ez dituztelako, erreforma presaka onartu nahi dutelako eta autonomia erkidegoen diru sarrerak mugatuko dituztelako. PSOEk, beste behin, «eskuzabala» izan dadila eta erreformaren alde egin dezala eskatu dio CiUri.
Zenbait sozialista, kontra
Hainbat diputatu sozialista erreformaren kontra daude, bai onartzeko moduaren kontra, bai defizita Konstituzioaren bidez mugatzearen kontra. Hala ere, gehienek alderdiak agindutakoa bete zuten atzoko bozketan. Antonio Gutierrez CCOOko idazkari nagusi ohia izan zen salbuespen bakarra.
Euskal Herriko bi senatari sozialistak jada iragarri dute erreformaren kontra bozkatuko dutela Senatuan: Imanol Zuberok eta Roberto Lertxundik. Zuberorentzat erreformarekin merkatuei men egingo zaie. «Hori teknokrazia da, ez demokrazia», esan du Zuberok.
ERCko hiru diputatuak Kongresuko osoko bilkuratik aterako dira etzi, erreforma bozkatu behar denean. Hala egiteko eskatu diete gainerako alderdietako diputatuei ere.
PSOEk eta PPk erreforma babesteko aipatu izan dute Alemaniak ere Konstituzioaren bidez mugatzen duela landerren defizit eta zor maila. Erkorekak eta Duran i Lleida, ordea, gogorarazi zieten Alemaniako prozedura bestelakoa izan zela, parte-hartzaileagoa, patxadatsuagoa eta landuagoa: erakundeetako 39 ordezkarien batzorde batek bi urtez lan egin zuen; hemeretzi bilera egin zituen; eta 170 txosten eta 120 agiri izan zituen esku artean.
Lopezek eta UPNk babestu egin dute eskuak lotuko dizkien erreforma
Espainiako Kongresuak aintzat hartu du Konstituzioa aldatu eta defizita mugatzeko egitasmoa, eta etzi bozkatuko duteUPNk bat egin du PSOErekin eta PPrekin; EAJk eta NaBaik, aldiz, kontra bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu