Langile publikoei Gabonetako lansaria pagatzeko agindua emana dagoela ezagutarazi du Patxi Lopezek, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. "Eginbide informatikoak" abiatzea falta dela gaineratu du, eta hori gaur bertan egitea espero du.
EAJk osatuko duen Eusko Jaurlaritzaz ere jardun du Lopezek. Ziurtzat jo du Urkulluk murrizketak egingo dituela osasungintzan eta hezkuntzan 2013rako aurrekontuetan, eta ohartarazi dio ezin izango diola aurreko exekutiboari leporatu murrizketak egin behar izatearen ardura.
Lopezek iragarri du PSE-EEk abstentzioaren alde egingo duela Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioan, eta "hitz egiteko eta negoziatzeko" prest azaldu da "gizarteari mesede egiten dioten gaietan". Gainera, esan du berak zuzendutako gobernua ez dela "parentesi" bat izan, eta aurrerago izango dela PSE-EEko beste lehendakari bat.